Pasa den igandean Euskal Herri osoko Yoseikan Budo ikasleen topaketa antolatu zen Baionan, Emono Dan Tai Sen Topaketak hain zuzen ere. Iparralde zein hegoaldeko jendea bildu zen bertan, kirolaren inguruan elkar ezagutu eta harremanak sendotzeko asmoz.
Aipatu topaketa lehen aldiz antolatu zen, eta bertan Lapurdiko Baiona, Urruña zein Kanboko elkarteetatik etorritako ikasleak, Behe Nafarroan Bidaxune, Izturitze eta Pagolako ikasleak, Zuberoan Atharatze eta Mauleko klubak eta Hegoaldetik, berriz, Bizkaitik Erandioko ikasleak batu ziren eta Nafarroatik Atarrabia eta Berriozarreko elkarteak eta Sakanatik Etxarri zein Altsasutik abiatutako 35 bat lagunek parte hartu zuten.
Emono Dan Tai Sen
Tamaina ezberdineko makiltxo bigunekin eginiko distantzia-jolasa da Emono Dan Tai Sen. Partaideek taldeak osatzen dituzte, neska zein mutilez osaturiko talde mistoak. Helburua beste taldeko laguna lehenbiziko ukitzea da, kasko zein eskularruekin babesturik.
Batez ere gazteenei zuzendutako ekitaldia izan zen Baionakoa. “Yoseikan Budoko kimonoa jantzi eta eta beste behin jolasari ekiteko aitzakiarik ez zaigu falta, are gehiago gaztetxoen grina eta ilusioa ikusita. Eguna arrakastatsua izan zen guztiz, 150 bat umek hartu zuten parte kategoria ezberdinetan, eta helduei dagokienez beste 40 lagun aritu ziren txapelketan. Horrez gain, Pagolako elkarteak ikasle elbarridunen bi talde aurkeztu zituen. Sekulako ikuskizuna eskaini zuten, eta txalo zaparrada aparta jaso zuten” adierazi digu Altsasuko yoseikan budoko ikasle Aritz Agirrebengoak. Nabarmendu duenez, antolakuntza mailan, Euskal Herri osotik etorritako epaile ofizialak, koordinatzaileak eta entrenatzaileak izan ziren, baita txapelketa girotzeko “publiko paregabea”.
Euskarak eta yoseikan budoak batuak
“Horrela, banatzen gaituzten mugak gaindituz eta gure errealitateak batera uztartzen, euskara eta kirolaren inguruan bildu gara beste behin, ume zein helduak, neska zein mutikoak, gaitasun ezberdineko lagunak, denak Yoseikan Budoaren baitan gozatu eta esperientziak konpartitzeko” aipatu digu Aritz Agirrebengoak.
Yoseikan budoaz
Yoseikan budoa Japoniatik datorren arte martziala da, ikuspegi zabal batetik landua. Wikipedian jasotzen denez, 1960ko hamarkadaren bukaera-aldean garatutako borroka-artea da, 1975ean Hiroo Mochizuki japoniarrak ofizialki fundatua. Samurayen tradizioan txertatzen da Mochizukiren lana, haien ondorengo zuzena baita. Txuixoo elkarteak yoseikan budoaren onurak asko direla dio. Besteak beste, gorputz mugimenduaren kontrola, nortasun pertsonalaren garatzea eta, garrantzitsuena, alaitasuna. Bestalde, yoseikan budoaren zeharkakotasunak bere borrokalariei beste hainbat modalitatetan aritzeko trebetasuna ematen die, kick boxingean, Combat Jujitsuan eta beste hainbatetan.
“Nahi diozun aplikapena emateko askatasuna ematen dizu. Parte asko ditu. Haurrekin gehiago lantzen dugu umeek prezepzioa, kontziente izan daitezela euren gorputzaz, nola mugitu, oreka, lateralitatea… Gero yoseikan budoaren beste beste parte bat da martziala dena. Esperimentatzea gorputza nola erabili, zeintzuk diren gorputzaren tentsio guneak, nola mugitzen den, borroka praktikoa… Bestalde, txapelketetarako pixkat gehiago lantzen dugu lurreko partea, ukabila eta hankak... oso konpletoa da. Makilak hartzen ditugu, lantzen ditugu distantzia ezberdinetan eta orokorrean lantzen dugu borroka puroa, edozein delarik, erabili dezakezula” adierazi digu Agirrebengoak.
160 ikasle trebatzen ari dira Sakanan
2017-2018 ikasturtean gogoz dabiltza Sakanako Txuixoo Yoseikan Budo taldean. Aritz Agirrebengoa San Roman irakasle altsasuarrak azaldu digunez, Etxarri Aranatzen 60 ikasle inguru dituzte eta Altsasun 100 inguru. Etxarri Aranatzen haur eta gaztetxoak dira gehienak, helduen 10 kide inguruko taldeaz gain. Eta Altsasun, 80 haur eta gaztetxo daude eta 20 helduez osatutako taldea. Aritz Agirrebengoa da guztien irakaslea, Altsasuko helduen klasean izan ezik; Raul Barrenaren laguntza du Agirrebengoak klase horretarako.
Sakanako Txuixoo Yoseikan Budoko borrokalariak kanpoko ekitaldi eta probetan lehiatzen direnean Amets Yoseikan Budo taldea ordezkatzen dute, Euskal Herri mailako yoseikan budo taldea.