Hitz honek denok batera esan nahi du Kenyako kikuyu etniako hizkuntzan. Zenbat gauza lortu daitezkeen denok batera zerbaiten alde batzen garenean. Eta ez da aparteko teknologiarik edo dirutzarik behar iraultza handi bat egiteko, helburu amankomun bat eta horren alde egiteko gogoa besterik ez da behar. “Harambee” lelopean bizi osoan lan egin duen emakumearen bizitza ezagutzeko aukera izango da otsailaren bukaeran Arbizun, Wangari Maathairen bizitza, alegia.
Wangari Muta Maathai, ingurumenaren aldeko ekintzailea eta politikaria izan zen. Haurtzaro zaila izan arren, ikasteko diru-laguntza bati esker Ameriketako Estatu Batuetara joan zen 20 urterekin, eta Pittsburgheko Unibertsitatean Biologian doktoratu zen.
Kenyara bueltatzean, ingurugiroan zentratzea erabaki zuen eta honekin batera, pobrezia, gosea eta emakumeen egoera aldatzeko lanean. “Afrikara bazoaz, konturatuko zara emakumeak direla lurra lantzen dutenak, ur bila doazenak, haurrak eta adindunak zaintzen dituztenak. Niretzat oso naturala zen beraiekin lan egitea” zioen Wangarik. “Nire hasierako ideia zuhaitzak landatzea zen, emakumeek egurra, janaria eta etxeak egiteko materiala izan zezaten, baina gertatu zena zera izan zen: ohartu nintzela emakume hauek deskribatutako beharrak, arazo larriagoen sintoma zirela eta problema hauek estuki erlazionaturik zeudela: naturaren suntsipena, desnutrizioa eta gaixotasunak”. Horregatik, 1977an, beste emakume askorekin batera Green Belt Movement zuhaitzen aldeko mugimendua sortu zuten, gaur egun Tanzania, Uganda, Malawi, Lesotho, Etiopia eta Zimbawe estatuetan ere hedatuta dagoena, 47 milioi zuhaitz baino gehiago landatuz. Wangarik, Afrikako garapen sozial, ekonomiko eta kulturalaren alde borrokatu zuen, ekologia oinarri harturik eta horrexegatik, Nobel Saria jaso duen Afrikako lehen emakumea izan zen.
Wangari Maathairen bizitza islatzen dute Aitziber Alonso ilustratzailearen marrazkiek, Uxue Alberdiren hitzek eta Xabi Payaren itzulpenek, horregatik giza eskubideen gaian zein ilustrazioan modu pedagogikoan sakontzea lortu duen erakusketa eder hau ikustera gonbidatzen zaituztet!