Gure irristalariak puntan

Guaixe 2018ko urt. 25a, 12:19

Nafarroako Abiadura Irristaketa Indoor Txapelketako lehen proba jokatu zen Olaztin eta sakandarrak aurreko postuetan izan ziren

Larunbatean Nafarroako Abiadura Irristaketa Indoor Txapelketako lehen jardunaldia hartu zuen Olaztik. Erburua irristalariz eta ikuslez bete zen, eta puntako irristaketaz gozatzeko aukera izan zuten zaleek. Lasterketa azkarrak eta emozio handikoak izan ziren, eta Patin Sakana Irristaketa Taldeko irristalariak puntan egon ziren, lehendabiziko postuen borrokan guztiz murgilduta.

Gure irristalariak
Aurrebenjaminen emazkumekoetan Enara Perez Barrenetxea olaztiarra bigarrena sailkatu zen, aurrebenjaminen gizonezkoetan, berriz, Asier Galarza Zubiria urdiaindarra eta Gaizka Flores Marin olaztiarra bigarrenak izan ziren, berdinduta, bakoitza 10 punturekin. Bestalde, gizonezkoen benjaminetan Eneko Pinto Vicente olaztiarrak irabazi zuen eta emakumezkoen kimuen mailan, taldekako erreleboetan Sakana B hirukotea –Enera Arregi Gomez eta Intza Unamuno Ruiz altsasuarrak eta Iratxe Lapuente Perez ziordiarra– bigarrenak sailkatu ziren, abiadura handiko proba ikusgarrian. Eta aipatzekoa da ere gizonezkoen haurren mailan, Etxarri Aranazko Jon Mintegi Ziordia irristalaria hirugarrena sartu zela.

Kontentu
Patin Sakana Irristaketa Taldetik adierazi digutenez “oso kontentu gaude bai lortutako emaitzengatik, probaren antolaketagatik eta bertaratutako ikusle guztiengatik. Abiadura irristaketak biltzen ditu ikusle gehien Erburua kiroldegian. Faltan botatzen dugu jubenil, junior eta senior mailan ordezkaririk ez izatea, maila horietan irristatzen den maila ikusgarria delako, baina kategoria txikietan gure irristalariek egindako lanarekin pozik gaude”.

Datorrena
Igandean Nafarroako Abiadura Irristaketa Indoor Txapelketako bigarren lasterketa jokatuko da Iruñean, San Juanen.