Uharte Arakilgo tren geltokian 70 bat pertsona elkartu ziren atzo, Sakana Trenaren Alde (STA) plataformaren aurkezpenean. Udazkenean gorpuzten hasi zen plataforma, baina Abiadura Handiko Trenaren (AHT) ibilbidea ezagutzera emateak aurkezpena "aurreratzera behartu" zituen. Argi utzi zuten sakandarrek osatutako plataforma zela eta ez alderdiz, sindikatuz edo bestelako elkartez.
Agerraldian argi azaldu zuten euren nahia: egungo trenbidea bikoiztea, beharrezkoa den tokietan ibilbidea egokitzea eta trenbideei nazioarteko zabalera ematea. Gainera, aldiriko eta eskualdeko trenen maiztasuna handitzea eskatu zuten. Horrela, trenak "lurraldea kohesionatuko" luke eta "herritarren zerbitzura" egonen litzateke. Gainera, "AHT trazatu berria egitea baino askoz ere merkeagoa eta jasangarriagoa" litzateke eta trenen "abiadurek lehiakorrak izaten jarraituko lukete".
Ezaugarriak
Plataformako kideek nahi duten tren publiko eta sozialaren alde egin zuten halako garraiobide bat "pertsona eta toki gehienetara iristen delako, prezio eskuragarrian". Eta tren publiko eta sozialaren ezaugarriak zein izan beharko luketen zerrendatu zituzten. Batetik, "eraginkortasun eta efizientzia handiagoz pertsona eta merkantzien eguneroko trafikoari konponbidea ematen dio". Bestetik, "herriak, eskualdeak, lurraldeak eta hiriak lotuko" lituzke. "Bera da errepideko garraioaren alternatiba erreala".
STAk proposatzen duen tren ereduak "iraunkortasuna sustatu eta ingurumena gehien zaindu eta kontuan hartzen duena" dela gaineratu zuten. Aldi berean, halako garraiobide batek "egungo tren sarea eta baliabideak hobekien aprobetxatuko lituzkeela" esan zuten. Plataformako kideendako "trenaren zabaltzeak eta hobetzeak herritarren beharrei erantzun beharko lieke bakar-bakarrik".Gaineratu zutenez, "tren sozialaren kostu ekonomiko, ekologiko eta energetikoa ematen duen zerbitzuaren neurrikoa da, eta beraz, proportzionatua". Azkenik nabarmendu zuten haren kudeaketa publikokoa dela.
Eredu kontrajarriak
Plataformakoen iritziz, AHT "inposatu" nahi digute. Trenbideak Sakanan komunikazio ardatz gisa izan duen garrantzia nabarmendu zuten. "Hala ere, azkeneko hamarkadetan, gero eta gutxiago erabiltzen da eta martxan dauden geltoki eta geraleku gutxi horietatik asko arriskuan daude". Hiriberri, Olatzagutia eta Ziordikoak desagertu eta Bakaiku eta Olatzagutiakoak deskatalogatuta daudela azaldu zuten. "Begi bistan dago galtzear dagoela lurraldea kohesionatzeko gaitasuna duen trena, herriak euren artean eta hiriburuarekin komunikatzen baititu. Hala ere, zerbitzuak gero eta urriagoak direnez, haiek erabiltzeko ohitura galtzen ari gara".
AHT eginen balitz "Sakanan zerbitzu gehiago galduko ditugu, hori gertatu baita ezarri den toki guztietan". Gaztigatu zutenez, horien artea leudeke Altsasu Zaragoza edo Bartzelonarekin lotzen duten Alvia trenak. "Arazoa konpontzen ez badugu, gure eskualdea korridore huts bihurtuko da". Ibarrean "hesi fisiko asko ditugula azaldu zuten: egungo trena, errepideak eta autobia, baita tentsio altuko lineak. AHT trazatu berria beste bat litzateke".
Hurrengo pausoak
AHT ibilbide proposamenari alegazioak aurkezteko epea otsailaren 28an despeditzen da. STAk sakandarren artean ahalik eta alegazio gehien biltzeko prestatzen ari da. Bestetik, udaletan tren publiko eta sozialaren alde eta AHTren "inposizioaren kontrako" mozioa aurkeztuko dute. Udalekin eta kontzejuekin ere bilduko dira. Atzo Arakilgoarekin bildu ziren. Bestetik, Bakaikun, otsailaren 3an, eta Arbizun, otsailaren 17an, hitzaldiak emanen ditu Sustrai Erakuntzak.