Ezinbesteko hitzorduak

Guaixe 2018ko urt. 26a, 12:20

Ezkurdiak eta Zabaletak partida erabakiorra dute puntutara berdinduta dauden Irribarriaren eta Merinoren kontra eta Altuna III.ak eta Martijak Elezkano II.arekin eta Rezustarekin dute jokoan lidergoa

Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako 10. jardunaldia jokatuko da asteburuan. Sailkapenari  begira, Elezkano eta Rezusta dira liderrak (7 puntu), Altuna III.a eta Martijak 6 puntu dituzte, Olaizola II.a-Imazek eta Urrutikoetxea-Galarzak 5 puntu, Irribarria-Merino II.ak eta Ezkurdia Zabaletak launa puntu, Laso-Albisuk hiru puntu eta Bengoetxea VI.a-Larunbek bi puntu.

Ezkurdia eta Zabaleta aurreko jardunaldian Altuna III.ari eta Martijari 22 eta 16 irabaztetik datoz. Laugarren puntua lortuta, finalerdietara sailkatzeko borrokatik ez dira urrundu. Larunbatean etxean jokatuko dute, Labriten, azken jardunaldian Urrutik eta Untoriaren kontra garaipen garrantzitsua lortzetik datozen Irribarriaren eta Merinoren kontra. Bi bikoek launa puntu dituzte, eta, hortaz, jokoan dagoena urrezko puntua da. Ikusmina handia da eta Labritek berriro ere final handien itxura hartuko du.

Bestalde, Altuna III.ak eta Martijak ostiralean jokatuko dute, Elezkano II.a eta Rezusta liderren kontra. Hortaz, lidergoa bera da jokoan dagoena. Galtzetik datoz Altuna III.a eta Martija eta irabaztetik, aldiz, Elezkano II.a eta Rezusta, baina partida honetan ez dago faborito argirik, partida irekia da eta lehen mailako ikuskizuna espero da.

Beraz, beste jardunaldi ikusgarri baten aurrean gaude, eta txapelketa despeditzeko lau jardunaldiren faltan, urrezkoak dira jokoan dauden puntuak. Ea sakandarrek jokoan dauden puntu garrantzitsuak eskuratzeko aukera duten.

Promozioan Bakaikoa larunbatean lanera
Promozio mailako Binakakoan, laugarren jardunaldia jokatuko da asteburuan. Joanes Bakaikoak eta Etchegoinek Ugalde eta Erostarbe izango dituzte aurkari larunbatean Labriteko jaialdia zabaltzen duen partidan. Puntu bakarra du bikoak eta, hortaz, irabaztera behartuta dago puntuak lortu nahi badituzte. Azkeneko jardunaldian Agirrek eta Iturriagak 22 eta 10 irabazi zieten Joanes Bakaikoari eta Etchegoin ordezkatu zuen Urretabizkaiari.

Binakakoa. 10. jardunaldia
Elezkano II.a-Rezusta / Altuna III.a-Martija (ostiralean, 22:00etan, Urdulizen. ETB1)
Urrutikoetxea-Untoria / Laso-Albisu (larunbatean, 17:45ean, Markinan)
Ezkurdia-Zabaleta_Irribarria-Merino II.a (larunbatean, 17:00etan, Labriten. ETB1)
Bengoetxea VI.a-Larunbe / Olaizola II.a-Imaz (igandean, 17:00etan, Gasteizen. ETB1)

Promozioa, Binakakoa. 4. jardunaldian
Bakaikoa-Etchegoin – Ugalde-Erostarbe (larunbatean, 17:00etan, Labriten. ETB1)