Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak Hiri-erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailea 2019-2030 egiten ari da. Hura osatzeko tokiko erakundeen ordezkarien eta herritarren partaidetza-prozesua martxan jarri du. Martxoa bitartean instituzio, erakunde pribatu, kolektibo sozial eta herritarrek parte hartzeko aukera izanen dute.
Planak edateko uraren hornidura, saneamendua eta hondakin uren arazketa hartzen ditu bere baitan. Europako Uraren 2000ko Esparru Zuzentarauaren printzipioak hartzen ditu eta "Nafarroan tresna nagusia izanen da klima-aldaketaren aurkako eta ur-arloko ekonomia zirkularraren aldeko borrokarako. Lidergoan eta zerbitzu publikoan oinarrituta, hornidura eta saneamendua benetako hiri-proiektu integral bihurtzea planteatzen du, kontsumo moderatu eta jasangarriak bideratuz eta ingurumenean ahalik eta inpaktu txikiena eraginez".
Bileretan galderak eta proposamenak egin eta eztabaidan parte hartzeko aukera izanen da. Bileretan eta Gobernuaren Atari Irekian jasotako ekarpenak hiru astetan aztertuko ditu departamentuak. Jasotakoaren gaineko hausnarketak bigarren bileran azalduko dute departamentukoek, martxoaren 6an.
Bileraz
Goizuetatik Ziordia bitarteko erakundeetako (16:00etan) eta herritarrendako (18:30ean) deialdia da astelehenekoa. Hau da hiru eskualdeetakoa. Bakoitzaren egungo egoera zein den azalduko dute eta etorkizunerako egon litekeen ur eskaera ere aztertuko da.
Sakanaren kasuan, 5. eskualdea planean, aurreratu dute urteko, bataz beste, 4,26 hektometro kubiko ur kontsumitzen direla, haietatik % 39,87 etxeetako kontsumoa da, % 20,89 industriakoa eta gainontzeko % 52,15 erregistratzen ez den ura da, hoditeriatik ihes egindako ura. Departamentuaren aurreikuspena hurrengo hamarkadan uraren kontsumoa nabarmen jaistea, bai ur ihesak konpontzen direlako, bai eraginkortasunean hobekuntza praktikoak izanen direlako, baita ohiko kontsumoan aurreztuko delako.