Fitur Madrilgo Nazioarteko Turismoko Azoka da. Milaka pertsona pasatzen dira bertatik, eta bertan postua edo standa izateak berebiziko garrantzia du turismo sektorean ibiltzen direnendako. Sakanak turismoari lotutako bi ekimen antolatu zituen ostegunean Nafarroako standean: Sakanako xenden mapa eta Dastatu Sakana marka, gure ekoizleen berri ematen duena. "Ostegunean izan zen, arratsaldeko seietan. Oskia Gorostiaga gure elikadura teknikariak Dastatu Sakana marka aurkeztu zuen, eta nik Sakanako xenden mapa. Bukaeran, Sakanako ekoizleen produktuen dastaketa edo auzatea egin genuen. Jende asko gerturatu zen eta uste dut gure bi ekimenek interesa piztu zutela; gustatu zitzaizkiela, hori zioten bertatik pasa zirenek" aipatu digu Sakanako Garapen Agentziako turismo teknikari Paki Urbitartek.
13 ibilbide, 3 GR eta Donejakue bidea
Sakanako xenden mapak 2016an du jatorria, Sakanako Ibilbideen Planean. Orduan erabaki zen mapa egitea. "Sakanan ditugun 13 xenda edo ibilbide zoragarri zehaztu eta markatu genituen eta baita ere Sakanatik pasatzen diren 3 GR ibilbide eta Sakanako Donejakue bidea. Azken hau oraindik seinaleztatu gabe dago, baina hala ere Sakanako xenden mapan jaso dugu. Herri Lan Departamentuak 2017an kartografia berritu zuenez, azken bertsio hori erabiltzea erabaki genuen, mapa ahalik eta eguneratuena egoteko, eta horregatik atzeratu egin zaigu Sakanako xenden maparen aurkezpena. Fiturrera joan baino lehen jaso genituen mapak eta oso kontentu gaude emaitzarekin" gaineratu du Urbitartek.
Sakanako Donejakue bideaz
Donejakueko bide zaharra Sakanatik pasatzen zen. Egiarretako Itxasperri, Uharte Arakilgo Zamartze, Iturmendiko Aritzaga… ibilbide horren lekuko isilak izan dira urteetan. Donejakueko bidea oinezkoendako eta txirrindulariendako berreskuratzea, hori izan da Sakanako Garapen Agentziako Turismo Arloko helburuetako bat eta lan horretan murgilduta daude buru-belarri. "2016an Donejakue bideak Sakanan zuen trazatua definitu genuen. Baina ez genuen nahi soilik Arakilen hasi eta Ziordian depeditzen den bide bat izatea. Horregatik, aurreko urtean Arabako Aldundiarekin eta Lautadako Udalekin jarri ginen harremanetan, gure proiektua aurkeztu eta beraiek Ziorditik aurreragoko bidea zein zen zehazteko, gure trazaketa eta konexio hori egiteko" azaldu digu Paki Urbitartek.
Arabarekin batera
Araban begi onez ikusi zuten Donejakue bidea ibilbide turistiko berreskuratzeko asmoa. "Urrian euren proposamena jaso genuen: Ziorditik aurrera, Donejakue bideak Araban egiten zuen trazatua. Espainiako Gobernuko Abeltzaintza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Departamentuak Caminos Naturales delako gida du eta Donejakue bideko gure egitasmoa bertara aurkeztea erabaki genuen" aitortu digu Sakanako Garapen Agentziako turismo teknikariak.
Izan ere, Sakanako eta Arabako Donejakue bidea Caminos Naturales gidan jasoz gero, bidea seinaleztatzeko lanak Gobernuak hartuko lituzke bere gain. "Hori aukera aparta litzateke; guk soilik lanen erredakzioa hartuko genuke gure gain, eta ibilbidea markatzeko lan guztiak, berriz, Gobernuak. Memoria baloratua aurkeztea eskatu digute eta memoria hori egiten ari gara Arabako Aldundia eta gu. Badakigu eskari ugari daudela, proiektu asko dituztela itxaron zerrendan eta ez dakigu gurea aintzat hartuko duten, baina gu behintzat saiatzen ari gara" nabarmendu du Urbitartek.
Ezezkoa jasoz gero, beste aukerak aztertuko lituzkete Sakanako Donejakue bidea seinaleztatu eta markatzeko. Etapaz-etapa egitea, edo ahal dena.
10.000 mapa
Sakanako xenden 10.000 mapa argitaratu dituzte, 9.000 elebitan eta 1.000 ingelesez eta frantsesez. Sakanako Garapen Agentziako egoitzan, Utzuganen daude, interesatuen eskura. Ale batzuk Nafarroako turismo bulegoetara eramango dituzte eta udan Sakanako turismo bulegoetan banatuko dituzte besteak.
Dastatu Sakana
Sakanako Garapen Agentziak 2017an sortu zuen Dastatu Sakana marka, ibarreko ekoizleen produktuen berri eta ekoizleen datuak jasotzeko. "Iaz Sakanako turismo bulegoetan banatu zen eta harrera oso ona izan zuen. Izan ere, turistek sarritan bertako produktuak zein diren eta non erosi ahal dituzten jakin nahi dute, eta diptiko honekin hori guztiaren berri badute" aipatu digu Paki Urbitartek. Markaren helburua Sakanako bertako produktua indartzea eta balorean jartzea da. "Nabarmendu beharra dago zerrendan dauden ekoizleek euren produktuen ziklo osoa egiten dutenak direla: gazta, karakolak, txistorra, patea, ogia, mermelada… produktu horien ziklo osoa" azpimarratu du.
Ostegunean Fiturren aurkeztutakoa astelehenean Sakanako Mankomunitatearen egoitzan azaldu zuten Urbitartek eta Gorostiagak.