Binakakoa, estu-estu: finalerdietarako sailkatzeko aukerekin daude sakandarrak

Guaixe 2018ko urt. 29a, 11:54

Ezkurdiak eta Zabaletak 5. puntua lortu zuten Irribarriari eta Merinori 22 eta 19 irabazita, partida oso gogorrean. 6 punturekin jarraitzen dute Altunak eta Martijak, Elezkanoren eta Rezustaren kontra 22 eta 12 galdu eta gero

Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako 10. jardunaldiak are gehiago estutu du txapelketa.
Ostiral gauean lidergoa zuten jokoan Altuna III.a-Martijak eta Elezkano-Rezustak, baina azkenean jokoan zegoen puntua Elezkanok eta Rezustak pilatu zuten eta 8 punturekin, hanka t´erdia baino gehiago dute finalerdietan. 6 punturekin jarraitzen dute Altuna III.ak eta Martijak, eta goranzko bidean daude Ezkurdia eta Zabaleta, Irribarriari eta Merinori irabazi eta gero, 5. puntua lortu baitute. Oraindik asko dago erabakitzeko Binakakoan.

Altuna III.ak eta Martijak bigarren partida galdu dute jarraian
Ostiral gauean jokatu zuten, Urdulizen, Elezkano-Rezustak eta Altuna III.a-Martijak. Sailkapeneko goialdean dauden bi bikoen arteko lehia izan zen. Dirua paretsu atera zen, akaso Altuna III.aren eta Martijaren alde gehiagorekin. Baina partidan ez zen esperotako parekotasunik izan. Zortea alde izan zuten Elezkanok eta Rezustak. Bolada onean dago bizkaitarra, eta dena atera zitzaion ongi. Altunak ez zuen beste egunetako inspiraziorik izan eta atzeko koadroetan Julen Martijak nahikoa eta soberan izan zuen Rezustaren erasoari erantzutearekin. Hasieran 6 eta 7 aurreratu ziren Altuna III.a eta Martija, baina Elezkano eta Rezusta aldea ateratzen hasi ziren eta 15 eta 7 eta 19 eta 8 aurreratu ziren. Bukaeran, 22 eta 12 galdu zuten Altuna III.ak eta Martijak. Segidan galtzen duten bigarren partida da hau. Hala ere, 6 punturekin, bigarrenak dira sailkapenean.

Urrezko puntua lortu zuten Ezkurdiak eta Zabaletak
Larunbatean Labriten jokatutako partida askoz ere lehiatuagoa izan zen. Partida oso gogorra eta lehiatua eskaini zuten Ezkurdia-Zabaletak eta Irribarria-Merino II.ak, 1.100 ikuslerekin beteta eta giro bikainean zegoen Labriten. Irribarria eta Merino II.a hasi ziren hobeto. Aramakoak pilotakada ederrak jo zituen eta 4 eta 10 aurreratzea lortu zuten. Pixkanaka gora egin zuten, ordea, Ezkurdiak eta Zabaletak. Etxarrengo atzelariak agintea hartu zuen, Merinori gailendu zitzaion piloteoan eta 11ra berdintzea lortu zuten sakandarrek. Hori bai, asko kostata. Ezkurdia deseroso ibili zen, eta kosta egin zitzaion arerioen defentsan guneak topatzea eta izugarri gogortu zen partida. 17-ra berdindu eta gero, Irribarriaren bi erremateei esker 17 eta 19 aurreratu ziten gipuzkoarra eta errioxarra, baina une horretan konfiantza berreskuratu zuen Ezkurdiak eta Arbizukoak bi tanto egin zituen jarraian, 19ra berdinduz. Azken koska horretara sakandarrak freskoago iritsi ziren; arriskatu behar izan zuten urdinek, eta hiru akats egin zituzten segidan. Horrela, 19 eta 22 irabazi zuten Ezkurdiak eta Zabaletak, puntu bikoitza balio duen puntua, berdinduta geldituz gero, aurrea hartuko bailiekete Irribarriari eta Merinori. “Zabaleta izan da partidako jaun eta jabe, ni deseroso ibili naiz. Sufritzea tokatu zait” aitortu zuen partida bukaeran Ezkurdiak.

Datorrena
Binakako hasierako ligaxkako 4 jardunaldiren faltan, ez dago ezer erabakia. Elezkano II.ak eta Rezustak 8 puntu dituzte, Altuna III.a-Martijak eta Olaizola II.a-Imazek 6na puntu, Urrutikoetxea-Galarzak eta Ezkurdia-Zabaletak 5na puntu, Laso-Albisuk eta Irribarria-Merino II.ak 4na puntu eta Bengoetxea VI.a eta Larunbe finalerdietara sailkatzeko aukerarik gabe geratu dira, 2 puntu baitituzte.

Binakako hasierako ligaxkako 11. jardunaldiak ere emango du zeresana. 6 puntu dituzten Olaizola II.a eta Imazen kontra ariko dira 5 puntu dituzten Ezkurdia eta Martija larunbatean Labriten. Irabaziz gero, Olaizola II.arekin eta Imazekin puntutara berdinduko lukete Ezkurdia eta Martijak, eta arerio zuzenak izanik, beste urrezko puntu bat lortuko lukete. Baina azeri zaharra da Goizuetakoa, eta puntua bere alde lortzen saiatuko da. Bestalde, azkeneko jardunaldi okerrei buelta eman eta zazpigarren puntua lortzeko aukera dute Altuna III.ak eta Martijak, baina Urruti eta Untoria dituzte aurrean; hauek seigarren puntua lortu nahi dute eta garaipena lortzera aterako dira. Hortaz, beste jardunaldi interesgarri bat dugu aurretik.

Binakakoa. 11. jardunaldia
Elezkano-Rezusta / Irribarria-Merino (ostiralean, 22:00etan, Bergaran. ETB1)
Olaizola II.a-Imaz / Ezkurdia-Zabaleta (larunbatean, 17:00etan, Labriten. ETB1)
Urrutikoetxea-Untoria / Altuna III.a.-Martija (larunbatean, 10:00etan, Idiazabalen)
Bengoetxea VI.a-Larunbe / Laso-Albisu (igandean, 17:00etan, Larraintzarren. ETB1)