Preferente mailako jardunaldia gazi-gozoa izan da gure taldeendako. Lagun Arteak Mutilbera B taldea hartu zuen igandean Itxesalde zelai zaharrean. Lehen zatian Lagun Artea hobeto aritu zen eta makina bat aukera izan zituen, gauzatu gabekoak, baina atsedenaldia baino lehen Eneko Cruzek Lagunen aldeko gola sartu zuen. Bigarren zatian, ordea, egoera erabat aldatu zen. Mutilbera Lagunen atera gerturatzen hasi zen eta berdintzea lortu zuten 55. minutuan. Eta handik bost minutura Buñuelek Mutilbera aurreratu zuen. Horrela, hiru puntuek Mutiloabeitira egin zuten ihes.
Bestalde, Etxarri Aranatzek garaipena lortu zuen, aspaldiko partez, Urroztarrari 2 eta 1 irabazita. Sailkapeneko azken bi postuetan dauden taldeen arteko partida entretenigarria izan zen. Urroztarra izan zen markagailuan aurreratu zena, 18. minutuan etxarriarren atera iritsi ziren aldi bakarrean. Etxarrik ez zuen behera egin eta 7 minutura Iñigok berdintzea lortu zuen. Bigarren zatian garaipena lortzea izan zuten helburu bi taldeek eta hainbat gol aukera sortu zituzten. Azkenean, 82.minutuan Iñigok gola sartu zuen eta garaipena eta 3 puntuak Etxarrin gelditu ziren. Horretaz gain, Etxarrik postu bat egin zuen gora eta orain Urroztarra da faroltxo gorria.
Preferente mailako liderra Barañaingo Lagunak taldea da. Mutilbera eta Infanzonesi 3 puntu ateratzen dizkio Mutilberak. Lagun Artea 13.a da sailkapenean, 15 punturekin eta Etxarri Aranatz 15.a da, 12 punturekin. Asteburuan sailkapenean azkena den Urroztarra izango du arerio Lagun Arteak eta sailkapenean laugarrena den Donezteberen kontra ariko da Etxarri Aranatz.