Beunzak eta Audikanak 2017ko Sakanako Kopako sariak jaso zituzten

Guaixe 2018ko urt. 30a, 12:54

Altsasuko Lasa Kirolak dendan egin zen XIV. Sakanako Kopa-Lasa Kirolak Sariko sari ematea.

Astelehenean Altsasuko Lasa Kirolak denda korrikalarien bilgune izan zen. Izan ere, 2017ko Sakanako XIV. Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sariko sari ematea burutu zen. Sakanako Mankomunitateak antolatzen du Sakanako Atletismo Kopa, Dantzaleku Sakana klubaren laguntzarekin eta Lasa Kirolak dendaren babesarekin, gure ibarrean atletismoa eta lasterketak sustatzeko.

2017an 5 lasterketek puntuatzen zuten kopan: IV. Ziordiko Herri Krosak (maiatzak 20), Bakaiku-Iturmendiko XIV. Aitzkozar Herri Krosak (ekainak 10), Ergoienako XIV. Birak (irailak 23),  Sakanako XVII. Herri Lasterketak (urriak 21) eta Barrikarteren XXXVII. Oroimenezko Oinezko Lasterketak (abenduak 8, Altsasu). 
Sakanako 10 korrikalari hoberenek puntuatzen zuten, emakumezkoek eta gizonezkoek, eta Kopako saria jasotzeko, gutxienez aipatu 5 probetatik 4 probatan aritu beharra zegoen.

2017ko kopak Olaztira
Lasa Kirolak dendako Mari Carmen Lasa eta Elvira Unziti ordezkariez gain, Sakanako Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitia egon zen sari banaketan, saritutako korrikalariekin batera. Izaskun Beunza eta Raul Audikana olaztiarrak izan dira kopako irabazleak; 80 euro jaso zituzten kirol materialean, Lasa Kirolak dendaren eskutik. Bigarren saria Ginesa Lopez eta Juan Carlos Gomez altsasuarrek eskuratu zuten, 60 euro kirol materialean; eta hirugarrenek, Leire Estarriaga etxarriarrak eta Francisco Javier Gomez altsasuarrak, 40 euro jaso zituzten kirol materialean gastatzeko. Horretaz gain, Santi Agirre Galarzak parte-hartzearen sari berezia jaso zuen, Kopako proba guztietan parte hartu izanagatik.

2018ko Kopa maiatzean hasiko da, Ziordian
Amaia Gerrikagoitia kirol teknikariak ziurtatu zuenez, 2018an ere segida izango du Sakanako Atletismo Kopak. Hain zuzen ere, 15. edizioa izango du 2018ko Sakanako Atletismo Kopak-Lasa Kirolak Sariak. Aurreko urtean bezala, bost probek puntuatuko dute: Ziordiko V. Herri Krosak (maiatzak 19), Bakaiku-Iturmendiko XV. Aitzkozar Herri Krosak (maiatzak 26), Ergoienako XV. Birak (irailak 22), Sakanako XVIII. Herri Lasterketak (azaroak 3) eta Barricarteren XXXVIII. Oroimenezko Oinezko Lasterketak (abenduak 8). Sakanako 10 korrikalari hoberenek puntuatuko dute, emakumezkoek eta gizonezkoek, eta burutzen diren 5 probetatik gutxienez 4retan parte hartu beharko da. Sariak, iazko berberak izango dira: txapeldunek 80 euro kirol materialean, bigarrenek 60 euro eta hirugarrenek 40 euro.