Nafarroako makina bat Euskara Zerbitzuk, Sakanako Mankomunitatekoa barne, haurrendako album ilustratuak sortzeko lehiaketa antolatu dute. Parte-hartzaileek euskaraz idatzitako jatorrizko eta argitaratutako lanak aurkeztu ditzakete. Bakarka edo idazleak eta ilustratzaileak osatutako taldean parte hartu daiteke, eta nahi beste lan aurkeztu.
Lanen formatuari dagokionez, ezin dira 20 x 21 cm baino txikiagoak izan eta, gutxienez, 15 orrialde bikoitz izanen dituzte. Testuei dagokionez, 4.000 karaktere (zuriuneak barne) baino gehiago ezin dituzte izan. Lehiaketara azken bertsio inprimatua aurkeztu beharko da, bukatutako albumean agertuko litzatekeen bezala, koadernatu gabe nahi bada. Gainera, kopia pdf formatuan eta testua Word formatuan aurkeztu beharko dira.
Lanak plika sistema erabiliz aurkeztu beharko dira. Originalak aurkezteko epea maiatzaren 18an despedituko da. Haiek helbide honetara bidali beharko dira: Etxepare Saria. Leitzako Udala-Euskara Zerbitzua. Elbarren 1, 31.880 Leitza, Nafarroa. Epaimahaiak erabakia hartzeko azken eguna garagarrilaren 29a da. Saria, berriz, honakoa da: 5.000 euro egile eskubideen aurrerapen gisa eta Pamielak albuma argitaratzea.