"1978ko sanferminetan herritarrek jasandako erasoa oroitzeko Dora Salazarrren eskultura bat jarriko dugu". Hala jakinarazi du Sanfermines 78 Gogoan! (SF78) herri ekimenak. Urte hartan polizia zezen plazan sartu eta han barruan eta kanpoan kargatu zuen. Ondorioz 12 pertsona balaz zauritu ziren, eta haietako bat, German Rodriguez, hil egin zen. Festak bertan behera gelditu ziren.
Gertakari haien 40. urteurrenean, SF78 herri ekimenak "hura gogoratuko duen eskultura bat egotea eta gertatutakoaren memoria mantenduko duen eskultura bat egotea beharrezko ikusten du". Eskulturak "diskriminaziorik gabeko eraso hura eta funsgabe kolpatutako hiri guztiaren mina" adieraztea nahi dute.
Dora Salazarri eskultura egiteko eskatu dio SF78 herri ekimenak. Hura kokatzeko Iruñeko Udalaren baimena badute, obra egitea falta da bakarrik. Eta, horretarako, SF78k, Internet bidezko diru-bilketa eginen du, crowfundinga. Otsailean hasiko dira bide horren bidez eskultura egin ahal izateko dirua biltzen. Azaldu dutenez, diru ekarpenak egiten dituzten pertsona eta erakundeen izenak jasoko dira eskulturak bere barruan izanen duen "denboraren kutxan".
Eskulturaz
Dora Salazarrek azaldu duenez, bi metro luzeko figura bat sortuko du. Forjatutako burdina erabiliko du horretarako eta hura Ermuako Urkobase fundizioan landuko du. Eskultura totem itxurako gorputza da. Soin hori mutilatua dago, ez du ez bururik ez besorik. "Baina ez du mintzen, eta gaia ederki identifikatu dezake. Gogoratzeko espazio bat, eta handinahia izanik, signifikatuen espazio bat sortzea, etorkizunera begira, erasoei stop esanen diena". Eskultore altsasuarrak aurkezpenean esan zuenez, "herriaren beroarekin egindako pieza bat da. Ez da inposatzen, kaletik pasatzean ikusiko duten pertsona askok erabaki dute".
Egitaraua
SF78 herri ekimenak gertakarien 40. urteurrenean, sanferminetako eskaileraren modura, hilero ekitaldiak antolatu ditu: antzerkia, zinema, hitzaldiak, argazki erakusketak, bertsolaritza edota hip-hopa.
Egitarau horren barruan, martxoaren 24an, historia-memoria eta sormen-ekarpenak, zinematik, antzerkitik eta musikatik kafe-tertulia izanen da. Eskarmentua duten eta gaia landu duten hiru hizlari izanen ditu saio horrek: Enrique Villarreal Armendariz, El Drogas, Alberto San Juan eta Helena Taberna Aierra zinema zuzendari altsasuarra.
Esan bezala, Altsasuko sortzailearen eskultura garagarrilean jarriko eta mustuko dute Iruñeko zezen-plazaren ondoan.