Sakandarrak Bardoak ekimena zabaltzera

Guaixe 2018ko urt. 30a, 09:39

Bardoak 2018 Nafarroako Bertso Ekimeneko lehen saioan parte hartuko du Sakana Zirt taldeak Ibardin: hiru eta lau dira zazpi taldearekin batera. Berako Katatu tabernan neurtuko dira gaur, 20:30ean, bertso-merendu formatuan

Idoia Granizo Uribarrenak, Eneko Lazkoz Martinezek eta Unai Artieda Estangak osatzen dute Sakana Zirt. Bertsolaritzan ibilbide luzea egin duen eta egun Nafarroako txapeldunordea den Lazkozekin batera, eskarmentua pilatzen ari diren Granizo eta Artieda ariko dira. Biek ere bigarren parte hartzea dute  Bardoak ekimenean. Euren multzoan Berako taldeaz aparte (Patxi Castillo Graziarena, Aitor Elexpuru Egaña eta Julen Zelaieta Iriarte) Barañaingo Patioko banda dago.
Hirukoteak pasa den ostiralean  Sakana Zart taldearekin (Josema Leitza Razkin, Ekain Alegre Gil eta Saats Karasatorre Martinez) entrenamendu serioa egin zuen Etxarri Aranatzen eta prestatuta iritsiko dira gaurko saiora; Bardoak 2018 ekimenean aurreikusitako 23etan lehena.

Egin beharreko lana
Hiru bertsolari sakandarrek talde lanean aritu beharko dira, egin beharreko ariketak denen artean banatuko baitituzte. Taldekako hasierako agurraren ondoren, honako lana osatu beharko dute aurreneko fasean:  binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian; bakarka, gaia eta oinak emanda, bi bertso Habanera doinuan; binaka, egoera emanda, minutu bateko bina txanda segidillen doinuan; bakarka, gaia emanda, bi bertso doinu eta neurri librean; bakarka, zortziko txikian, puntu banari erantzun (taldeko hiru kideak); binaka, pertsonaia asmatu, galde erantzunen bidez, gehienez hiru minutuko tartean (talde bereko bi kide); binaka, egoera emanda, launa kopla; puntuko saioa taldekideen artean, ohikoa ez den doinuan sei bertso osatu arte eta egoera emanda eta akaberako agurra. Azkena ez beste, ariketa guztiak puntuagarriak dira.

Lehen fasean beste multzo batean ari den talde bateko bi kide eta publikoa izanen dira saioko talde onena zein den erabakiko dutenek. Beraz, Sakana  Zirt-ekoen egiteko bakarra ez da bi saioetan kantatzea bakarrik izanen. Gainontzeko guztien modura epaile lanak egin beharko dituzte eta, gainera, beste multzo bateko saio baterako gaiak prestatu beharko dituzte.

Bertso-ekimenaz
Bardoak 2018n 16 talde neurtuko dira. Guztiak ere eskualdeetako bertso-eskolen arabera osatu dituzte, bertsolari beteranoak eta hasiberriak nahastuz. Talde bakoitzean hiru bertsolariz aparte, gai-jartzailea edo aurkezlea eta ordezkariaz osatuta daude. Guztira 113 parte-hartzaile ditu ekimenak, eta haietatik 74 bertsolariak dira.

Ekimenaren helburua da "bertso-eskoletatik abiatuta, bertso-eskolen sarea eta bertsozaletasuna indartzea. Era horretan, bertsolari eta bertsozaleen harrobia berrituz, bertsolari berriei plazak eskainiz eta bertsolari eskarmentudunekin kantatzeko aukera emanez". Bertsoaren Nafarroako sarea trinkotzearekin batera, "bertsolaritzaz gozatzeko aukera berritzailea eskaintzeko asmoa" du Bardoak 2018k.

Nafarroako Bertsozale Elkartetik azaldu dutenez, "kopuruek ongi erakusten dute Nafarroako bertso mugimenduaren osasuna. Are, bertsolaritzaren transmisioan jarritako arreta eta indarraren fruitu dira. Bestelako gailurren oinarri dira bertso-eskolak eta tokian tokiko plazak".  

Eta bertso-eskolekin batera, ezinbestekotzat jo dute elkarteak berak eta Hezkuntza Departamentuak, mankomunitateekin elkarlanean, ikastetxeetan egiten den lana. Bertsolaritza irakaskuntzan programan Nafarroa osoko 2.600 ikasle inguruk lantzen dute bertsoa eskola orduetan.