Gora gure pirata!

Guaixe 2018ko ots. 2a, 08:09

kolaboratzaileak

Aurreko urtarrilaren 17an Perthes eguna izan zen. 2016ko maiatzean izan nuen gaixotasun honen berri lehen aldiz. Izterrezurraren burura ez da odola iristen eta ondorioz zelulak hil eta higadura sortzen dute. Haurrei diagnostikatzen zaien gaixotasuna, baina zelula berriak sortuz sendabidea duena. Piratek egoera gogor askori aurre egiten diete itsasoan eta ordu ezkero gaixotasunaren kontrako borroka horretan dihardu gure piratak eta baita bere familiak ere.
Hasieratik, bere egin beharren artean hanka lurrean ez jartzea zegoen eta horrek ondorioak ekarri zituen bere egunerokoan. Bizitza baldintzatu zitzaion gure piratatxoari baina oztopoak gainditzen ikasi zuen hasiera hasieratik. Ekintza batzuetan ezin zuen ordura arte bezala parte hartu, baina pirata ausarten modura, egoerara egokitu eta nahi izan duen ekintza guztietan parte hartu izan du.
Azken egun hauetan, borroka honen beste erronka zail bati aurre egin behar izan dio eta baita primeran gainditu ere. Baina ezin ditut aipatu gabe utzi momentu oro alboan dituen familiako kideak; bereziki anaia, ama eta aita. Gaixotasuna pertsona batek darama baina familia guztiak pairatzen du. Hauen etengabeko babes eta maitasun guztia botikarik garrantzitsuenak izan ditu.
Ikasgai ederra eman diguzue, familia! Txapeldun batzuk zarete!
Abenturak bizitzen dituzte piratek eta gure pirata ere abentura bat bizitzen ari da. Irribarrea etengabe marraztua du aurpegi eder horretan eta bizipoza du bidelagunik onena, minak eta tristurak arintzen dizkion bizipoza.