Gaur egun, 10 eta 11 urtetako haurren bi herenek internetera sarbidea duen mugikorra dute. Eta 15 urtetik gorakoen %90ak ere horrelako gailua du. Eskuen artean, komunikazio eta aisialdirako aparteko tresna dugu; baina baita ere arrisku psikosozial ugari eragin ditzakeen tresna da hau: menpekotasuna, arreta eza, entzumen arazoak, ikusmen arazoak, errealitatearen pertzepzio desegokia… besteak beste.
Sevillako Pablo de Olavide unibertsitateko ikerlari batzuk, sarearekiko menpekotasunaren inguruan ari dira ikertzen. Frustrazioak, zoriontasun eza, gaixotasunak, bikotearekiko atsekabeak, lanarekiko atsekabeak, langabezia, eta bestelako ezbeharrak direla eta eman ohi dira interneten gehiegizko erabilera asko. Momentu txar horietan, sarea sentsazio berriak bilatzeko irtenbide erraza bilakatzen baita.
Gazteen %50a baino gehiagok egunean 5 ordu baino gehiago ematen ditu sareetan, beraz kontrolik gabeko tresna bihurtu dela ohartarazi du ikerketa honen zuzendariak.
Interneten gehiegizko erabilerari lotutako patologiek, hasiera batean ez dakarte hondatze fisikorik eta seinaleak ikusezinak dira. Horregatik zailagoa izaten da antzematea. Baina badago arazo hauei aurrea hartzeko oinarrizko test bat, eta hauek dira burutu behar ditugun nahitaezko galderak:
-Hasiera batean erabakitako denbora baino gehiago konektatua egoten zara sareetan?
-Konektaturik egoteko denbora kontrolatzeko arazoak dituzu?
-Zure asetzea murrizten da denbora berdina konektaturik egonez gero?
-Interneten konektaturik egoteko denbora luzatu beharrean aurkitzen zara asetasuna lortzeko?
Aurreko galderen baiezko erantzunak, arazo potentzial baten aurrean egotearen adierazgarri dira, gehienbat nerabezaroan. Hau baita garai kritikoenetakoa, nortasunaren eta garunaren garatze prozesuan.
Nortasunaren ezaugarri hauek agertzen dituztenak dira ahulenak internetekiko menpekotasuna edukitzeko: inpultsibitatea, ohiko umore aldaketak, minari tolerantzia eza, loezina, neketasuna, atsekabeak, egonezina, emozio gogorren gehiegizko bilaketa, autestimu baxua, neurriz gaineko lotsa, gorputz-irudiaren gutxiespena, depresioa, eguneroko zailtasunei aurre egiteko gabezia…
Menpekotasun hau dutenek, internet erabiltzen jarraitzen dute, menpekotasun honek ikusmen galerak, bizkarrean mina, zorabioak, obesitatea, buruko minak, eta abar sortzen dutela jakin arren. Beraien atsedenaldiak 5 ordutik berakoak izaten dira eta beraien lagun, familia eta bikoteekin harremanak murriztu edo eteten dituzte. Baita ere lan edo eskola errendimendua murrizten da. Ikerketa buruaren esanetan “ikastetxeetan mugikorra baimenduz gero, atseden garaian jolasteari utziko diote gazteek”.
Adituek internetekiko menpekotasuna eta drogen menpekotasuna parekatzen dituzte, lehenengoan sustantzia bategatik izan gabe, jasotzen diren sentsazioengatik dela jakinda.
Egoera honek dakarren problematikari aurre egiteko hoberena, haurrak eta gazteak erabilera egokian heztea da, autokontrola indartuz edo ezjakintasun egoerak ekidituz. Honekin batera, baita guraso eta irakasleak teknologia berrietan trebatzea ezinbestekoa da. Beste aditu batek dioen arabera, gaur egun bizi garen garaian teknologia hauek nahitaezkoak dira eta beraiekin elkarbizitzen ikasi behar dugu; beraz, garrantzitsuena ez da teknologia berriei uko egitea, baizik eta hauen arriskuak mugatzea.