Nafarroako 45 herrietako industrialdeek Internet bidezko banda zabaleko konexioa izanen dute aurten. Izan ere, Nafarroako Gobernuko Ekonomia Garapeneko Departamentuak 1.179.043 euroko inbertsioa eginen du ekonomia aktibitatea dagoen guneetara Internet bidezko banda zabala konexioa eramateko. Tartean daude Lakuntzako, Arbizuko, Etxarri Aranazko eta Altsasuko industrialdeak. Aipatu lanak emateko deialdira 4 enpresa aurkeztu ziren eta, azkenean, Telefónica de España SA eta Adamo Telecom Iberia SA enpresek eginen dituzte lanak; aurtengo lastailaren 15era arteko epea dute horretarako. Lehenengo aldia da, Nafarroan, Gobernuak diru-laguntza ematen duela enpresei internet banda zabala ematea ahalbideratzeko, baina industrialdeetara banda zabala ahalik eta azkarren emateko hartu dute erabakia.
Industrialdeetara eta enpresetara zuntz optikoa eramateko eskaria aspaldikoa da. Zuntz optikoa da Internet konexiorik azkarrena ahalbideratzen duena, banda zabalaren aurretik. Sakanako Enpresarien Elkarteak (SEE) ere sarritan egin dio izan dio eskaera hori Nafarroako Gobernuari. SEEren ustez komunikazioen kalitatea eta azkartasuna funtsezkoa da enpresen lehiakortasunerako, eta Nafarroako Gobernuari Sakanako industrialdeetara eta enpresetara zuntz optikoa eramateko eskaria egin zion 2015ean, Iruñea eta Iruñerrian, Tutera inguruan, Lizarraldean eta beste egin duten bezala, “konektibitate egokia duten enpresekin alderatuta, hemengo enpresek desabantailak ditugulako”. Horrela, administrazio publikoei eskatu zieten “Nafarroako enpresa sare guztiari zerbitzu berberak eskaini behau dizkiola, baldintza berberetan lehiatu ahal izateko”. Zuntz optikoa ez, baina banda zabala aurten iritsiko da.