Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) ekitaldia egin zuen Altsasun larunbatean. Napar Buru Batzarreko buru Unai Hualdek nabarmendu zuen eurendako garrantzitsua dela "aldaketa politiko eta soziala egiteko herritarrek agindutakoa betetzen segitzea". Gobernuari eusten dion laukoak programa-akordioa garatzeko akordioak egiten segitzearen alde azaldu zen. Hualdek laukoak orain arte gobernuari egonkortasuna emateko izandako ardura nabarmendu zuen.
Hualdek altsasuarra izateaz, "herri solidario batekoa izateaz harro" zegoela nabarmendu zuen, eta herriak errege eguneko elurtean "bere benetako aurpegia" erakutsi zuela gaztigatu zuen, "aurretik zenbait hedabidek artifizialki sortutako irudia deseginez". Apiril erdialdean hasiko den Altsasuko auziaren inguruan Nafarroako EAJko buruak sumarioaren bilakaeragatik "kezka handia" azaldu zuen: "normalizazioaren bidean lan handia egin beharra dagoenaren adierazle nagusia da, baita justizian eta zigor erantzunean ere; proportzionaltasunik gabe ez dago justiziarik".
Ekitaldian ere Nafarroako Gobernuko lehenadakariorde Manu Aierdi izan zen. Bere departamentuak Sakanarekin duen konpromisoa gogorarazi zuen, adibidetzat ibarreko plan estrategikoa garatzeko emandako 250.000 euroak. Aierdik ibarrak ekonomikoki dituen aukerak eta indarguneak zerrendatu zituen: "garai berrietara egokitu beharra duen industria-ehuna, turismo arloaren potentzialitatea, merkataritzarena eta energia berriztagarriena, "enplegu asko sor ditzakeena". Ekintzailetasunerako ohitura eta elkarte-ehuna ere gehitu zituen.