“Badakite bakarrik dantzatuko dutela, eta euren eguna dela”

Alfredo Alvaro Igoa 2018ko ots. 2a, 08:32

Txetxo Claver Borrega eta Andoni Beramendi Espinosa
Altsasuko kintoei dantza irakasten dieten zaleak

Zaleak direla, ez irakasleak. Hala diote biek. Maite dute Altsasuko Zortzikoa eta, horregatik, ilbeltzaren 2tik gaur arte 79 kintoei hura, jota eta porrusalda dantzatzen irakatsi diete. Batek, belauna mindua duela eta uztekotan da. Irakasle aritzeko boluntarioak eskatu dituzte, emakumezko eta gizonezko.

1. Noiz hasi zineten dantza irakasle?
Andoni. Honekin, 10 urte.
Txetxo. Nire laugarren da aurtengoa.

2. Esker oneko edo esker txarreko lana da?
T. Esker onekoa. Entseguko 20 egunetan gazteen bilakaera, hobekuntza ikusten da. Eta horrekin, pozik.

3. Nola moldatzen zarete 79 ikasleri dantza erakusteko?
A. Pazientzia handiaz. Eta asko oihu eginez. Gazteak orokorrean, aurten batez ere, nahiko zentratuta daude. Badakite asko direla eta estutu beharra dagoela. Denbora galduz gero, 20 egunetan… Altsasuko Zortzikoa ez da dantza zaila. Kasik okerragoak dira jota eta porrusalda. Gaizki edo ongi, dena ikasten dute. Defendatzen dira.

4. Dantza talde askok nahi lituzkete eurendako hainbeste mutiko?
T. Badakizu, hau Santa Ageda da. Bost parranda egun dira, plazan dantza egin behar da eta ikasi beharra dago.
A. Ez dago besterik, dantza ikastea. Hobe edo okerrago dantzatuko duzu, baina Santa Agedan dantzatu behar dugu. Gainera, ez dira konturatzen herri honetan protagonista izanen diren bizitzako aldi bakarra dela. Zu zara protagonista Altsasuko Zortzikoa dantzatzen ari zarelako, kintoa zarelako. Mundu guztia zu nola dantzatzen duzun begira dago. Uste dut horretaz ez direla jabetzen, pribilegio bat dela.
T. Urduritzen dira. Badakite plazan bakarrik dantzatuko dutela. Hemen taldean dantzatzen dute eta elkarri begiratzen diote. Badakite bakarrik dantzatuko dutela, eta euren eguna dela.

5. Bakarrik… Pilota partida askotan baino publiko gehiago izaten da kintoen dantza entseguak ikusten.
A. Beti, batez ere ostiraletan. Badira urte batzuk hala dela. Nik Santa Ageda egin nuenean atea itxita entseatzen zen eta inor ez zen sartzen.

 


6. Zer da hobe entseguak ate itxiarekin edo irekita egitea?
T. Ate irekiarekin. Neska-mutiko asko etortzen da. Begira, nahi gabe, jota, porrusalda eta zortzikoa ikasten da. Halakoak ikusten doaz.
A. Beldurra kentzen zaie. Hemen urduri, ba, plazan? Han askoz ere jende gehiago dago. Hemen biok laguntzen goaz. Azken egun hauetan ondoan goaz, baina ezer esan gabe. Azken finean, plazan bakarrik daudelako. Gure egitekoa  da lasaitzen saiatzea eta txistuari errepara diezaiotela, gainerakoa ahaztu dezatela. Behin dantzan hasten zarela, inguruaz ahazten zara. Zureari ekiten diozu. Denek esaten dute gero: “okerrago izanen zela uste nuen”. Batez ere dantzaz gozatzen ikasi behar dute.
T. Bakarren bat pausoz nahasten bada gu han laguntzeko gaude.
A. Dantzari uzten ez badiote ez da inor konturatzen. Gu, bera, txistulariak eta ongi dakiten lau besterik ez. Konpasa galdu eta gero gelditzea da okerrena. Beti esaten diet: nahasten bazara, segi dantzan, ez da ezer pasatzen; zure erritmora.

7. Azken urtetako festetan kiosko ingurura jendea dantzatzera bueltatu da. Nabari da?
A. Eragina du. Urte zail batzuk egon ziren. Bazen jende bat Santa Ageda egiten zuena eta dantzatzeak bost ajola ziona. Gu hona irakastera etortzen gara, baina duintasunez dantza dezaten. Eta goza dezatela, festa horretarako baita.
T. Kezkatzen gaituen gauza bat da, esaterako, buruek dantzatzen dutenean kinto guztiak egotea. Baina besteak dantzatzen dutenean ere denak egon daitezela. Ez daitezela hortik joan. 79ak hor egon behar dira, besteek dantzatzen dutenean.
A. Guztioi gustatzen zaigu lagunduta dantzatzea. Besteekiko errespetua da. Gurasoen lana da, eta, batez ere beraiena. Guk ezin dugu inor ezertara behartu. Une bateko atsedenak har litezke, baina denbora guztia tabernara edo bestera joatea… guri ez zaigu gustatzen. Dantzan ari dena gutxiesten ari dela dirudi.
T. Tarteka denak dauden zenbatzen dugu. Beti falta da bakarren bat, ardoa banatzen ari delako… Baina izugarri falta badira buruei jakinarazten diegu, falta direnekin hitz egin dezaten.

8. Entseguetara den-denak etortzen dira?
T. Kanpoan ikasten ari direnak eta entrenamenduak dituztenak kenduta, orokorrean, bai. Batzuk entrenamenduetatik, beranduxeago, baina etortzen dira.
A. Data zailak dira: azterketak dituzte… Baina, normalean, gehienak etortzen dira egunero.

9. 79 kinto. Frontoian. Publikoa, eta zuen megafonorik gabe. Kasu egiten dizuete?
T. Ez dago arazorik.
A. Guk hasieran esan genien bakarra: kasu egin eta errespetua izan. Gustatzen zaigulako etortzen gara irakastera. Hau guztiz altruista da. Dantza, Altsasuko Zortzikoa eta gure tradizioak gustatzen zaizkigulako etortzen gara. Norbait izan behar du. Nirea azken urtea da, Txetxok sinesten ez badu ere. Konpromisoa hartuko duen jendea behar da. 20 egun dira. Niri hemengoa plazakoa baino gehiago gustatzen zait. Irakastea gustatzen zait. Plazakoa, guretako oso gogorra da. Aurten, esaterako, 18:30etik 21:30era edo 22:00etara egotea. Han, geldi. Gazteei babesa emateagatik.
T. Boluntarioak behar dira, emakumezkoak edo gizonezkoak.

10. Dantzan ikasteko 20 egun nahikoa dira?
T. Interesa jarrita, bai.

11. Dantzaria, egiten da edo jaiotzen da?
A. Ongi, dotoreziaz eta trebetasunez dantzatzen duen dantzari batek elastikotasuna, erritmoaren zentzua, belarri ona izan behar ditu. Eta ordu asko pasa behar dira. Gero, egiten da. Ona bada, baina entrenatzen ez badu, azkenean…

12. Zuek plazan dantzatu zenutenetik gauzak aldatu dira. Lehen mutilak ziren bakarrik. Orain neskak ere. Tradizioa berritzen da.
A. Tradizioak denborarekin garatzen dira. Niretako neskek dantzatzeak Zortzikoa aberastu du. Orokorrean, askoz hobe dantzatzen dute, erritmoaren zentzu hobea dute neskek. Desinhibituagoak dira dantzatzeko. Neskak dantzatzeak festari on egin dio.

13. Dantza garatzen joanen da? Aldaketak izaten segituko du?
A. Aldaketa askoz ere gehiago ez da izanen. Aurten leon-kastilloa bota eta neskek zabalduko dute dantza.
T. Ez soilik dantza. Errege eguneko karta zozketa ere hala egiten da. Eta dena bozketa bidez egiten da. Ez dago inolako inposiziorik. Garatzekotan, hobera eginen du.

14. Ez dakit zuen kintadari urteurren borobila ospatzea dagokion eta zuei ere plazan dantzatzea tokatzen zaizuen?
A. Guk 40. urteurrena ospatuko dugu. Baina nik ez dut dantzatuko. Belauna dudan moduan, ez nago dantzarako. Operatzeko nago. Beste bati esan diot dantza egiteko. Heldu den urtean tokatzen zaio honi.
T. Ni ezta ere. Erregeak dantzatuko du. Beti dago dantzatuko duen bakarren bat.