Maitasunez Vincent

Katrin Ginea 2018ko ots. 2a, 08:14

kolaboratzaileak

Batzuetan arte disziplina ezberdinak elkartzen ditugunean “Loving Vincent” animaziozko pelikula zoragarriak bezalakoak sortzen dira.
Pelikula ikusten hasi nintzenetik banekien esperientzia magikoa izango zela. Lehenengo kreditoetatik Van Goghen koadro baten aurrean nengoela iruditzen baitzitzaidan. Van Goghen artea zine artearekin nahasturik, itzela!
Pintura mundua asko ez ezagututa ere, denok ezagutzen ditugu Van Goghen koadro mitikoak, honen espiralak, kolore biziak eta pinzelada lodiak. Nork ez du Vincenten “La noche estrellada” koadroa ezagutzen? Edo girasolen koadroa, edo bere autorretratoak? Ba “Loving Vincent” pelikula koadro hauen teknikaz baliaturik sortutako filma da.
Horretarako 4 urtez teknika garatzen ibili ondoren, 100 margolariren laguntzarekin eta bi urtetan zehar, 1.000 lienzo ezberdin marraztuz, 65.000 fotogrametako pelikula sortzea lortu zuten. Oleo teknika erabiliz, koadro horietako bakoitzari beste pintzelada batzuk emanez 65.000 irudi estatiko horiei mugimendua ematea lortu zuten.  
Dorota Kobiela zuzendariaren hitzetan, pelikula horrela filmatzearen arrazoi nagusia ez da estilo honetan sortzen den lehen filma izatea edo errekorra egitea, Van Goghen bizitzaren historia kontatzeko bere koadroen bitartez egin beharra zutela uste zutela baizik.
Van Goghen bizitza ez zen erraza izan; desoreka psikiko dezente izan zituen bere bizian, askotan egon zen ospitalean ingresaturik, eta tarte horietan bere zereginak marraztea, irakurtzea eta eskutitzak idaztea izan zen.
Esaten da sortzaile guztiek ero puntu bat izaten dutela, nik ez dakit ero deitu ahal zaien genio hauei, edo sentsibilitate ezberdineko pertsonak ote diren. Dorota zuzendaria, arte ederrak ikasi ondoren eta marrazketa pasio izanda, zine munduan lanean hasi zen. Krisi baten ondoren Van Goghen kartak irakurri eta pelikula hau sortzea bururatu zitzaion. Bi genio “eroren” ideiak elkarrekin.
Gidoi aldetik nahiko sinplea izanda ere, Van Goghen bizitza pixka bat ezagutzea nahi duenarentzat pelikula oso gomendagarria da hau. Eta bisualki esperientzia zoragarria.