Euskaraldia, 11 egun euskaraz ekimenean parte hartu nahi duten herrien izen-ematea zabalik dago, apirilaren 8ra arte, www.euskaraldia.eus webgunean. Parte-hartzea bermatzeko formularioa bete beharko dute. Izena eman baino lehen herriko euskalgintzako eragileak elkarlanean aritzea eskatu dute antolatzaileek, ekimena eraginkorra izateko.
Euskaraldia, 11 egun euskaraz ekimena 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3a bitartean egingo da. Euskal hiztunok euskararen erabilera areagotzeko proposatzen den egitasmoa da. Ondoko bi roletako bat hartzea iradokitzen digute: Ahobizi (ulertzen duenari euskaraz egitea eta ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz) edo Belarriprest (Egidazu euskaraz, ulertzen dut eta. Agian erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut). Helburua gure harremanetan hizkuntzarekin ditugun inertziak astintzea da, euskara erabiltzeko testuingurua sortzea.
Ekimenaren sustatzaileak euskalgintzaren alorrean lan egiten duten erakunde eta talde guztiak eta Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza dira. Partikularren izena ematea irailean zabalduko da.