Ekintzailetasuna lantzeko YESict programa (Young Entrepreneurial Skills by ICT) sortu zuten Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, Antic Unibertsitatea (Zipre) eta Vaeksthusthus Sjaelland (Danimarka) erakundeekin elkarlanean. Europako Batzordearen Erasmus + programak finantzatu zuen proiektua, 10 eta 15 urte arteko gazteen artean ekintzailetza sustatzea helburu duena eta Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolan praktikara eraman dena.
Zer da ekintzaile izatea?
Ekintzailetasuna enpresa edo negozio berri eta arrakastatsuak irekitzearekin erlazionatu ohi dugu. Baina jarrera ekintzailea enpresa mundutik haratago doa, etxean eta lagunartean ere ekintzaileak izan gaitezkeelako, egunerokotasuneko arazoak konpontzeko.
Eta hain zuzen ere hori sustatu nahi dute Andra Mari ikastolan YESict programarekin. "Pertsona ekintzaileak, erronka edo arazo bati aurre egiteko zirrara sentitzen du. Azken helburuak edo lorpenak aldez aurretik identifikatzeko gai da, eta horietara iristeko pauso estrategikoak planifikatzeko ahalmena du. Gainera, prozesu guzti horretan gauza berriak ikasi beharko dituela daki. Bidean aurkitzen dituen arazoak konpontzeko gai da, eta horretarako bere ezagutzak, sormena eta pertseberantzia mobilizatu beharko ditu. Taldean lan egiteko ahalmena izango du, ikuspegi eta irizpide desberdinak bateratuz, taldearen adostasuna lortzeko, eta pertsona bakoitzak bere onena emateko. Gure ikasleek etorkizuneko Sakana eraikitzeko eta bertan bizitzeko aukera izatea nahi dugu, eta bide horretan ekintzailetasunak paper garrantzitsua jokatuko du" adierazi digu Andra Mari ikastolako Iñaki Tolosa zuzendari pedagogikoak.
Jolastokia diseinatzeko erronka
Andra Mari ikastolan YESict programa DBH1eko ikasleekin garatu dute ikasturte honetan. Aipatu ikasleek erronka polita izan dute, "Gure ametsetako jolasgela" diseinatzea. Izan ere, aurten DBHrako jolas gela berria ireki da. Proiektua garatzeko, 300 euroko aurrekontua izanik, talde bakoitzak bere proposamen konkretua garatu du.
Iñaki Tolosak adierazi digunez, proposamena gauzatzeko pausu ezberdinak landu behar izan dituzte ikasleek. Hasteko, motibazioa. "Ikasleek ekintzailetasuna kontzeptua bereganatu dute, pertsona ekintzaile baten bisitaren bidez eta beste jarduera batzuk burutuz" azaldu digu. Bigarrenik, erronka identifikatu dute. "Gai konkretu bati lotutako arazoak identifikatu dituzte, arazo hau jasaten duten pertsonen interes, behar eta sentsazioak identifikatuz". Hirugarrenik, taldeak sortu dituzte eta talde lanerako rolak banatu dituzte. Laugarrenik, esplorazio lana. "Erronkan sakondu dute, dakartzan arazoak eta ondorioak ongi ulertuz". Bosgarrenik, ideien sorkuntzan sormena martxan jarri dute, ideia berriak sortu dituzte. Seigarrenik, aukeratutako ideia praktikara eraman dute, prototipo bat eraikiz. "Lehendabizi prototipo digitala sortu dute, eta, horretan oinarrituta, maketa egin dute" azaldu digu Tolosak. Eta, azkenik, lorpenak komunikatu dituzte, aurkezpen saioen bidez. "DBHko beste ikasleek eta familiek jolasgela proposamen ezberdinak ezagutzeko aukera izan dute" esan digu zuzendariak.
Boza bidez aukeratu
Oso esperientzia aberasgarria izan da. Bozketa bidez, denon artean aurkeztutakoen artean proposamen bat aukeratuko dute eta proiektu hori egi bihurtu.