Mank-en elkarbizitzaren aldeko apustua

Guaixe 2018ko ots. 5a, 08:46

Bitartekaritza Zerbitzurako urte bateko kontratazioa egin du, egiten den lana "onuragarria" delako. "Magreb aldekoak eta sakandarrak elkar ulertzea bermatzen du, horrek elkarbizitzan duen eragin baikorrarekin"

Sakanako Mankomunitateak zerbitzu baten aldeko apustua egin du: Bitartekaritza. Anitzartean Zerbitzuko Batzordeak Mank-eko batzarrari egindako eskaerari erantzunez erabaki du Youssef Chahor bitartekaria urte guztirako kontratatzea. "Mank-en eta udalen aldetik ikusten da ematen ari den zerbitzua baliagarria dela".

Aurki Bitartekaritza Zerbitzuak bere e-posta helbide propioa eta harremanetarako bestelako bideak izanen ditu. Horren berri aurrerago emanen du Mank-ek. Bitartean Anitzartean Zerbitzura jo daiteke: 648 070 710 telefonoa edo immigrazioa@sakana-mank.eus e-posta.

Indartutako zerbitzua

Mank-en Anitzartean eta Bitartekaritza zerbitzuak elkarlanean aritzen dira. Chahorrek azaldu duenez, Afrika ipar-mendebaldean, Magrebeen, sortu diren sakandar berriek, "Sakanako zerbitzu publikoei buruzko informazio zuzen eta osoa eskuratzea bermatu nahi dugu, izan arabiar, frantses edo tamazigh hiztun". Chahorrek gaineratu duenez, "batzuetan zerbait ulertzen dute, baina ez dute informazio guztia jasotzen".

Herrietako harrera programetan parte hartzen du ere Bitartekaritza Zerbitzuak, "familia etorri berriei inguru berrian laguntza eman eta kultur talka txikitzeko". Magrebetik, bereziki Marokotik, etorritako populazioari beharren araberako banakako arreta eskaintzen zaio ere. "Eskubide eta betebeharren inguruko informazioa, laguntza eta aholkularitza".

Zentro publikoak, batez ere ikastetxeak laguntzen ditu ere Bitartekaritza Zerbitzuak, "bi aldeen, ikastetxearen eta magrebtarren informazioa jaso eta emateko".

Anitzartean Zerbitzuko teknikari Bego Zestauk jakinarazi duenez, "urtetik urtera bitartekari eskaera gehiago jasotzen ditugu. Urteko bataz besteko eskaera 75 batekoa da". Gehienak erantzuten dituzte. "Ezin direnak erantzun eskaeraren arabera, baliabide edo zerbitzu zehatzera bideratzen da pertsona".

Bitartekaritza Zerbitzua, nagusiki, magrebtarrei zuzenduta dago, baina "haren premia duen edozein pertsonak erabil dezake. Izan ere, Chahorrek egiten duena ez da itzulpen soila. Kultur gakoak azaltzen ditu ere".

Onurak

Magrebetik Sakanara etorri diren pertsonendako onurak zein diren ere zerrendatu ditu Zestauk: "haien parte hartzearen sustapena, euren ikuspuntutik edo izaeratik". Bai Anitzartean bai Bitartekaritza zerbitzuek "zubiak eraikitzen dituzte, ibarreko kultura desberdinen arteko hurbiltzea, errespetua, ezagutza eta batzea errazteko".

Gainera, bitartekariak, Anitzartean Zerbitzuaren bidez antolatzen diren ekimenetan parte hartzen du Chahorrek. "komunitateko pertsonen parte hartzea eta jarduera horretan elkartzen diren pertsonen arteko gerturatzea laguntzen du horrela".

Ibilbide historikoa

Mank-en etorkinendako harrera planak egiten ziren 2006an. Sakanako mediku, irakasle, gizarte zerbitzuetako langile eta beste arlotako profesional batek baino gehiagok adierazi zion Mank-i Magreb aldetik etorritako pertsonekin elkar ulertzeko nolabaiteko zailtasunak zituztela. Bai kultura aldetik bai hizkuntzagatik. Anitzartean Zerbitzuak ibarreko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen hiru mankomunitateekin elkarlan estua zuen, eta ondorioz, eskaera horri erantzuteko bi pertsona kontratatzeko aukera izan zen 2010ean. Bat hizkuntza bitartekaritzaz arduratu zen, bestea kultura arlokoaz. "Kezka adierazi zuten profesionalek ongi hartu zuten. Esperientzia oso baikorra izan zen eta agerian gelditu zen zerbitzu horren beharra" gogoratu du Zestauk.

2013 urtera arte INEMen diru-laguntza deialdi bat baliatuta urtero bitartekari bat kontratatu zuten. Baldintza batzuk zituen deialdiak eta 2013an pertsona bakarra aurkeztu zen. Bitartekari gisa lanean hasi eta beste lanpostu hobea opatu zuenez, utzi zuen. Zerbitzurik gabe ez gelditzeko, Anitzartean Zerbitzuak bitartekotza ikastaroa antolatu, 11 pertsona trebatu eta boluntarioen poltsa txiki bat sortu zen. 2013tik 2016ra bitartean pertsona horiek izan dira bitartekaritzaz arduratu direnak.

"Boluntarioa izateak bere mugak ditu. Boluntarioari ezin zaio profesional bati eskatzen zaiona eskatu. Eta modu horretan segitzea ezinezkoa zitzaion.

Anitzartean Zerbitzuko Batzordeak Mank-eko batzarrari pertsona bat kontratatzeko eskaera egin zion 2016an. Chahor bitartekaria hiru hilabeterako kontratatu zuten, zerbitzua probatzeko. Balorazio ona egin zen, "baina gauza dezente bukatu gabe gelditu ziren". 2017an sei hilabeteko kontratua egin zioten. Emaitza bera izan zenez, "zerbitzuak zituen etenak zentzurik ez zutela ikusi genuen. Horregatik, luzatu eta urte osoko kontratua egin da" azaldu du Orozek.

 

Gaur egun sakandar berriak populazioaren % 8 dira; haien artean magrebtarrak eta, zehazki, marokoarrak nagusi. Krisialdiaren aurretik Hego Ameriketatik etorritakoak ziren nagusi.