Geroko ur hornidura eta saneamendua zehazten

Guaixe 2018ko ots. 3a, 08:38

Nafarroako Gobernuak ur hornidura eta saneamendua hiri-erabilerako uraren ziklo integral bakarrean bilduko du. Parte hartze prozesuan gobernu ordezkariak Sakanarako lau alternatibekin etorri ziren eta bosgarren batekin joan ziren

Hiri-erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailea 2019-2030 egiteko parte hartze prozesua martxan du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak. Sakanari dagozkion lehen bilerak (hautetsiak eta herritarrak) astelehenean egin ziren. Planaz eta bilerek emandakoaz jakiteko Nilsa enpresa publikoko gerente Iñaki Urrizalkirekin hizketatu gara.

Zertaz ari gara hiri-erabilerako uraren ziklo integralaz hitz egiten dugunean?

Uraren hornidura: etxeetan, industriatan edota dendetan erabiltzen dugun ura. Erabili ondoren ura zikintzen dugu. Ur zikin horiek guztiak jaso, bildu, tratatu eta berriro ibaietara bueltatzen dira, lehen baino garbiago, noski. Horri saneamendua deitzen diogu. Hornidurak eta saneamenduak osatzen dute ziklo integral hori.

Plan zuzentzailea. Zergatik?

Gaur egun 1988ko eta 1989ko hornidura eta saneamendu planak indarrean daude. Nolabait berritu dira. Orain, alde batetik, biak sakonago landu nahi dira. Parte-hartzearekin, noski. Eta bi plan izan beharrean bakarra izatea erabaki da.

Zertarako balio du?

Zerbitzua hobetzeko, noski. Baina azken 30 urteetan gauza asko gertatu dira. Aipagarriena 2000 urtean Europak onartutako zuzentaraua izan zen. Horretara egokitzeko plan berria beharrezkoa da.

Zein da Sakanaren egoera?

Denetarik dugu. Gaur egun Sakanan 4 hektometro kubo inguru erabiltzen dira hornidurarako. Horrek esan nahi du 4.000.000.000 litro ur urtean erabiltzen direla. Asko edo gutxi da? Kopuru dezentea da. Urdalurko uharka eta beste iturburuak erabiltzen dira ur hori lortzeko. Baliabide aldetik ez dago arazo handirik. Dagoenarekin kontsumoa bermatzen da gaur egun. Etorkizunean klima aldaketarekin zer gertatuko den ikusi beharko da. Beste lekuetan okerrago daude. Saneamendu aldetik araztegi guztiak eginda daude (Ziordikoa martxan jartzea falta da). Hori ez da gutxi. Eguneroko lan hori egiten da. Horrek bermatu du gaur egun Arakil ibaiaren ur kalitatea lehengoa baino hobea izatea. Ez gara egoera guztiz onera iritsi baina hurrengo urteetan iritsiko garela uste dut. Hori bermatzeko, planak araztegietan zenbait ekintza eta hobekuntza aurreikusten ditu.

Sakanan urak zein erabilera du?

Zera azpimarratuko nuke: Sakanan erabiltzen den uraren % 65 ez da kontrolatzen. Horrek zer esan nahi du? Guk iturburuetatik 100 litro hartzen baditugu 35 kontrolatu edo fakturatzen ditugu eta gainontzeko 65ak ez ditugu fakturatzen eta ez dakigu nora doazen. Guk pentsatzen dugu ur galera asko izanen direla hoditeria zaharra delako, zulatuta dagoelako. Horrela ura galtzen da. Gerta liteke kontsumo kontrolatu gabea edo legez kanpokoa izatea. Askotan ur kontagailuak zaharrak dira eta ez dute funtzionatzen edo ez dute behar bezala neurtzen. Arazo konplexua da. Egia da ur asko galtzen dela. Nafarroan ur galeraren bataz bestekoa % 34koa da gutxi gorabehera. Hemen ia-ia bikoitza dugu. Kontrolatu gabeko kontsumoa alde batera utzita, etxeko kontsumoa nahikoa nagusi da, % 20. Industriak ia-ia % 10 kontsumitzen du. Beste jardueretan ere ura kontsumitzen da: lorategi publikoen ureztatzea, kale garbiketa, kiroldegiak, igerilekuak eta abar.

% 65 hori konpontzeko mahai gainean proposamenak jarriko zenituzten, ezta?

Tamalez hori ez da Sakanan bakarrik gertatzen. Egia da beste lekuetan kopurua askoz ere hobea dela, % 20 baino gutxiagokoa. Sakanako datu hori txarra da, ezin da ukatu. Planak zenbait ekintza eta ildo planteatzen ditu, bai. Azpiegiturak egin beharko dira. Seguraski sareak zenbait lekutan gaizki daude. Edo zaharrak dira eta, dudarik gabe, berritu beharko dira. Gero ere, eguneroko kudeaketa egin beharko da, kontrolatu behako da ura nondik eta zergatik galtzen den; legez kanpoko kontsumorik ba ote den begiratu beharko da. Dudarik gabe, hori eguneroko lana izanen da hemendik aurrera. Erakunde guztiak horrekin nahiko kezkatuta daude. Nik emandako datuak 2015ekoak dira. Azken bi urteetan ikusi da erakunde guztiak lanean daudela eta kopuru hori pixkanaka-pixkanaka behera, hobera doa.

Astelehenean plana hautetsiei eta herritarrei aurkezteko saioak egin zenituzten Lakuntzan. Zer moduz? Jendea joan zen?

Oso ongi. 25 pertsona bildu ginen. Parte hartze prozesu nahiko polita izan zen. Gauzak eztabaidatu ziren. Hori beti ona da. Proposamenak sortu ziren. Gehienak pozik atera ginen. Ni behintzat bai.

Sakanarako zer proposatu zenuten?

Guk lau alternatiba ikusi ditugu, gehien bat ur hornidura hobetzeko. Hortaz aritu ginen. Azken finean, bosgarren alternatiba bat sortu zen, ez aho batez, baina nahiko babesaz. Proposatu zuten iturburu guztiak mantentzea (Urdalur, Iribas, iturburuak). Gehienek onartu zuten kontrolatu gabeko ur kopuru hori hurrengo urteetan ikaragarri murriztu behar dela. Horretan ez zen eztabaida handirik egon.

Ekarpenekin zer eginen duzue?

Nilsan gobernua laguntzen ari gara. Azken hitza beti gobernuak izanen du. Gu egunero eskualdeetara joaten gara eta proposamenak jasotzen ditugu. Eskualde bakoitzarendako alternatiba egokiena zein den begiratu beharko dugu. Hori hurrengo asteetan landuko dugu eta, ondoren, bigarren bilera bat eginen dugu martxoaren 6an, asteartean. Hor aurkeztuko dugu gobernuak erabaki duena, edo behin-behinean aukeratutako alternatiba. Dokumentua berriro berritu egin beharko da. Behin betiko onartu beharko da. Noiz? Informazio publikorako beste prozesu bat izanen da. Behar bada maiatza garila bitartean, bi hilabete baino gehiago egon beharko duelako jendaurrean. Gero behin betiko plana onartuko da. Aurten onartuko litzateke eta ideia da puntu garrantzitsuena Foru Lege bitartez onartzea. Hori legegintzaldi honetan eginen litzateke.

Lege horretan jasotakoa betetzeko inbertsioak beharko dira eta horiek ere etorriko dira, ezta?

Bai. Ez bakarrik inbertsioak. Inbertsioak garrantzitsuak dira. Baina eguneroko lana garrantzitsua da baita ere. Inbertsioez aparte ekintza asko planteatzen dira: kontrolatzeko, kontsumoak jaisteko eta abar.

 

Proposatutako alternatibak

 

Uraren kudeaketa

Uraren goi-hornidura. Iturburutik herrira

• Sakanako Mank

• Irañeta

• Uharte Arakil

• Arruazu

• Etxarri Aranatz

 

Uraren behe-hornidura. Herrian banatzea

• Sakanako Mank

• Arakil

• Irañeta

• Uharte Arakil

• Arruazu

• Ergoiena

• Etxarri Aranatz

• Altsasu

• Ziordia

 

Sakanako ur kontsumoak

Etxekoa: % 35, 97

Industria: % 18,05

Besteak: % 0,19.

Kontrolatu gabeko ura: % 51,09

Guztira: 4,266 hm3

 

Kontrolatu gabeko ura % 67,21 da Sakanan

Irurtzun: % 75,68, 345.000 m3.

Arakil: % 75,33 193.000 m3.

Arbizu: % 72,01, 168.000 m3.

Altsasu: % 70,34, 968.000 m3.

Lakuntza: % 68,44, 200.000 m3.

Olatzagutia: % 66,54, 206.000 m3.

 

Uraren kalitatea

Sakanako Mankomunitateraren ur laginak.

Hartutako laginak: 441

Ez egokiak: 15

Ez egokiak, urraketekin: 8

 

Ur hornidura tarifak

Uraren goi-hornidura

Sakana guztian 0,15ekoa da.

 

Etxekoa

Arakilgo 0,53tik Ergoienako 0,83 bitartean dago.

 

Industriakoa

Lakuntzako 0,85etik Arakilgo 1,92 artera arte.

 

Abeltzaintza

Ergoienak zehaztua duen bakarra, 0,83.

 

Iturria: Nilsa