Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak ibarreko euskalgintza eta euskara sustatzeko jarduerak diruz lagunduko ditu. Beti ere euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeko helburua duten egitasmoak zein euskararekiko jarrera hobetzekoa dutenak. Jakina, aurten egin beharko dira jarduera horiek. Esaterako: ezagutzatik erabilerarako jauzia egitea helburu duten egitasmoak; euskara ez dakiten euskal herritarrak euskarara hurbiltzeko helburua duten egitasmoak; euskararen ondarea jaso, gorde edota hedatzea helburu duten egitasmoak; euskararen alderdi desberdinak aztertzea helburu duten jardunaldiak; euskalgintzan ibilbide oparoa izateagatik nabarmendutako pertsonak edo elkarteak omentzeko egitasmoak; euskararen familia bidezko transmisioa sendotzea helburu duten egitasmoak; euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea helburu duten egitasmoak; euskarazko sormen kulturala bultzatzea helburu duten egitasmoak (hitzaldiak, erakusketak, kontzertuak, antzerki-emanaldiak eta lantegiak); etorkinen artean euskararen erabilera sustatzea helburu duten egitasmoak edo euskarazko jostailu, joko eta denbora-pasak.
Mank-ek 5.000 euroko poltsa du banatzeko. Interesatuek euren eskabideak martxoaren 30era arte aurkeztu ditzakete Mank-en Lakuntzako egoitzan. Hara jo daiteke argibide gehiagoren bila: 948 464840 telefonora hots eginez edo euskara1@sakana-mank.eus e-postara idatziz.