Abenduaren 1ean eta 2an Nafarroako Elikagai Bankuak Elikagai Bilketa Erraldoia egin zuen. Gure herrietako saltokietan kaxa handiak jarri zituzten boluntarioek, beharra duten familiendako elikagaiak biltzeko. Nafarroako Elikagai Bankutik adierazi zutenez, Fundazioaren esanetan “erraldoiak dira dauden beharrak eta, horregatik, elikagai bilketa hau inoiz baino erraldoiagoa izatea nahi dugu”.
Bilketako datuak eman dituzte berriki. Guztira, 284.463 kilo elikagai jaso ziren, 735.000 euroko balioa dutenak. 2.790 boluntariok hartu zuten parte bilketan, eta Nafarroako 65 herritan burutu zen bilketa, 34 elikagai banatzaileren bitartez, 245 saltokitan, guztira. Nafarroako 8.448 familia laguntzera bideratuko da jasotakoa, tartean sakandarrak.
Sakanako datuetan jasotzen denez, Altsasun 5.849 kilo elikagai jaso ziren, Irurtzunen 853 kilo, Arbizun 488 kilo, Uharte Arakilen 380 kilo. 7.570 guztira. Ez dituzte Lakuntza, Etxarri Aranatz eta Olaztiko datuak eman, baina bertan ere bilketa egin zen. Hortaz, 8.000 kilotik gora jaso direla esan dezakegu.