Gaur egun dugun tren azpiegitura defendatu eta hobetzeko asmoz sortu da Sakana Trenaren Alde plataforma. Haren ustez ibarreko herriak lotu behar dituena azpiegitura hori izan beharko litzateke. Aldi berean, Sustapen Ministerioak aurrera eraman nahi duen Abiadura Handiko Tren proiektua "inposiziotzat" du, "gure ingurumenaren eta erkidegoko ekonomiaren kontra egiten duelako".
Ministerioak Iruñea eta Gasteiz Sakanan barna Abiadura Handiko Tren bidez lotzeko egitasmoa jendaurreko informazio aldian dago. Plataformak horren kontra egiteko alegazioa prestatu du. Haren asmoa da ahalik eta jende gehienak sinatzea. Udalek eta kontzejuek ere bat egitea nahi dute. Alegazio idatzia Sustrai Erakuntza fundazioarekin batera idatzi da. www.fundacionsustrai.org web orrian eskuratu daiteke idatzia. Baita edozein pertsonak edo erakundek aurkeztu dezakeen informazioa ere.
Abiadura Handiko Trenak zuzenean kaltetuta ez direnak "herri-alegazioa" sinatu dezatela gonbidatu dute. Tren azkarreko proiektuak ondasunak ukitzen dietenendako moldatutako beste mozio bat prestatu dute. Udalendako eta kontzejuendako prestatutako alegazioa orokorra da, argudioak zabalago ematen dira. Baina toki erakunde bakoitzak bere herriko berezitasunak gehitzeko aukera dute. Sakana Trenaren Alde plataformak alegazio ereduak hainbat pertsona eta erakunderi bidali dizkio jada.
Informazioa
Proiektua geldiarazteko Sakana Trenaren Aldeko plataformako kideek ezinbestekoa jo dute jendeak informazioa izatea. Horregatik ibarrean barna informazio hitzaldi sorta antolatu dute. Haietan alegazio orriak izanen dira herritarrek sina ditzaten. Plataformako kideen asmoa da alegazio kopuru handi bat Espainiako Gobernuak Iruñean duen ordezkaritzan otsailaren 27an aurkeztea. Web orritik alegazioa hartu, bete eta gero aurkezterik ez duenak sustraierakuntza@gmail.com e-postara bidali dezake eta fundazioko kideak arduratuko dira alegazioak Gobernu Ordezkaritzan aurkezteaz.
Sakana Trenaren Alde plataformatik gaian interesa duten pertsona guztiak informatzera gonbidatu dituzte. Hitzaldietan Nafarroan Abiadura Handiko Trenaren proiektua gaur egun zertan den azalduko dute eta, horrekin batera, herri bakoitzari buruzko informazio zehatza emanen dute.
Otsaileko informazio hitzaldi sorta
• Iturmendi, otsailak 2, ostirala, 20:00etan, udaletxean.
• Bakaiku, Otsailak 3, larunbata, 18:00etan, udaletxean.
• Lakuntza, otsailak 6, asteartea, 18:00etan, kultur etxean.
• Etxarri Aranatz, otsailak 8, osteguna, 18:00etan, kultur etxean.
• Arruazu, otsailak 10, larunbata, 17:00etan, udaletxean.
• Olatzagutia, otsailak 15, osteguna,, 19:30ean.
• Uharte Arakil, otsailak 16, ostirala, 19:00etan, udaletxean.
• Arbizu, otsailak 17, larunbata, 18:00etan, Arbi Bidea elkartean.