Binakako Txapelketako finalerdietan egoteko bidean daude pilotari sakandarrak. Altunak eta Julen Martija etxeberriarrak zazpigarren puntua lortu zuten Urrutiri eta Untoriari 11 eta 22 irabazi eta gero, eta Ezkurdiak eta Zabaletak pausu erraldoia eman zuten, Olaizolari eta Imazi 21 eta 22 irabazi eta euren seigarren puntua lortu eta gero. Hasierako ligaxka despeditzeko 3 jardunaldi falta dira eta emozioak pil-pilean jarraitzen du.
Bi jardunaldi jarraian irabazi gabe egon eta gero, garaipenaren xenda berreskuratu zuten Altunak eta Julen Martijak. Larunbatean, Idiazabalen, Urrutikoetxea eta Untoria izan zituzten aurkari. Altunak eta Martijak merezitako garaipena lortu zuten, Asegarcekoak baino askoz hobe aritu baitziren. Hasieratik aldea atera zuten, abantaila hori bikain kudeatu zuten eta, azkenean, 22 eta 11 irabazi zuten amezketarrak eta etxeberriarrak eta euren zazpigarren puntua bildu zuten.
Bitartean, Labriten, pilota zaleek diotenez aspaldiko denboran ikusi den partidarik onena eskaini zuten Ezkurdiak, Zabaletak, Aimar Olaizolak eta Imazek. Bombonera lehertzear zegoela, 1.200 pilota zaleek gozatu ederra hartu zuten. Olaizola bizi-bizi hasi zen, eta denetariko tantoak sortuz eta eginez, 10 eta 1 aurreratu ziren Asegarcekoak. Baina Aspekoek ez zuten behera egin, Zabaleta atzeko koadroetan agintzen hasi zen, Ezkurdiak zabalera mugitu zuen Olaizola eta sekulako erremontada lortu zuten pilotari sakandarrek. Hamaseira berdintzea lortu zuten arbizuarrak eta etxarrendarrak eta hortik aurrera izugarri gogortu zen partida. Imaz lehertzea, hori izan zen sakandarren estrategia eta ongi atera zitzaien, Olaizola neutralizatzea lortu baitzuten. 17 eta 20 aurreratu ziren sakandarrak, baina Olaizola azeri zaharra da eta 21 eta 20 aurreratzea lortu zuten Asegarcekoek. Bihotzekoak emateko moduko bukaeran, eta zaleak alde zituztela, sakandarrek 21era berdintzea lortu zuten eta, azken tantoa euren aldera lortu zuten, Ezkurdiaren bolea ikusgarri bati esker. Horrela urrezko balioa duen puntua lortu zuten, seigarrena.
Dena dago erabakitzeko
Binakako hasierako ligaxka despeditzeko hiru jardunaldiren faltan, guztia argitzeko dago. Azkenera arte emozioa izango du txapelketak, pilota zaleek ezin dute gehiago eskatu. Elezkano eta Rezusta dagoeneko finalerdietarako sailkatuta daude, 9 punturekin, baina gainontzeko 3 bikoak nortzuk izango diren ez dago jakiterik. Altuna III.ak eta Martijak aukera asko dituzte, 7 puntu baitituzte. Olaizola II.a-Imazek eta Ezkurdia-Zabaletak seina puntu dituzte, Urrutikoetxea-Galarzak bost eta Victor-Albisuk eta Irribarria-Merino II.ak launa puntu. Bukatzeko, Bengoetxea VI.ak eta Larunbek bi puntu dituzte.
Hortaz, lehia betea espero da hurrengo hiru jardunaldietarako. Gure pilotariak peleia horretan sartuta daude eta euren atzetik dauden biko gehienak ere euren aukerak dituzte. Hortaz, bizi-bizi datoz hurrengo hiru jardunaldiak. Ezkurdiak eta Zabaletak Urruti eta Galarza izango dituzte aurkari igandean Tafallan. Aurkari zuzenak direnez, euren zazpigarren puntua lortu eta Urruti eta Galarza bost punturekin urrunago izateko primerako aukera dute sakandarrek, baina horretarako ederki egin beharko dute lan. Bestalde, aukerarik gabe dauden Bengoetxea VI.a eta Larunbe izango dituzte aurkari Altuna III.ak eta Martijak asteartean inauterietan murgildua egongo den Tolosan. Zortzigarren puntua lortzeko aukera bikaina izango dute Altuna III.ak eta Martijak.
Binakakoa. 12. jardunaldia
Olaizola II.-Imaz / Irribarria-Merino II.a (larunbatean, Labriten. ETB1)
Urrutikoetxea-Galarza / Ezkurdia-Zabaleta (igandean, Tafallan. ETB1)
Elezkano II.a-Rezusta / Laso-Albisu (astelehenean, Tolosan)
Bengoetxea VI.a-Larunbe / Altuna III.a-Martija (asteartean, Tolosan)