Ahazteko modukoa

Guaixe 2018ko ots. 5a, 13:52

Preferente maila. 18. jardunaldia. Urroztarra 4 – Lagun Artea 2 / Doneztebe 2 – Etxarri 1

Urrotzen, Unaik Lagun Artea aurreratu zuen, baina gero beste kolore bat hartu zuen partidak, Urroztarra gailendu baitzen. Lakuntzarrak aurreratu eta 5 minutuko tartean Urroztarrak partidari buelta eman zion, Ibarrolak eta Zirizak sartutako golei esker. 25. minutuan hirugarren gola sartu zuen Urroztarrak, eta atsedenaldia baino lehen laugarrena sartu zuen etxekoek, zuzeneko falta baten jaurtiketari esker. Bigarren zatian Lagun Artea saiatu zen, baina ongi defendatu ziren Urrotzekoak. Enekok Lagunen bigarrena sartu zuen, baina ez zen gehiagorako astirik egon eta punturik gabe etorri ziren etxera lakuntzarrak.

Doneztebetik ere egoera berberean itzuli ziren etxarriarrak. Lehen zatian Donezteberen eta Etxarriren arteko lehia estua izan zen; bi taldeak dominatzen saiatu ziren, baina ez zen dominatzaile argirik egon. Bigarren zatian etxekoak garaipena lortzera atera ziren eta 67 eta 72 minutuetan Etxarriren ate barruan despeditu zuten Arregiren bi jaurtiketak. Etxarri saiatu zen eta Saez de Asteasuk gola sartzea eta markagailuan gerturatzea lortu zuen, baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta 2 eta 1 galduta bueltatu ziren etxarriarrak Doneztebetik.

Barañaingo Lagunak taldeak jarraitzen du preferente mailako lider (36 puntu). Lagun Artea 12.a da sailkapenean (15 puntu) eta Etxarri 16.a (13 puntu). Hurrengo jardunaldian, Lagun Arteak sailkapenean hirugarrena den Doneztebe hartuko du eta Etxarrik Lagunak liderra. Jardunaldi konplikatua dute aurretik, beraz, gure bi taldeek.