Igandean Tuterako krosa jokatu zen, aldi berean Nafarroako Kros Luzeko Txapelketa zena (9,7 km). Emakumezkoetan Aicha Banik irabazi zuen Santa Quiterian jokatutako lasterketa (35:11), baina helmugan bigarrena sartu zen Amaia Melero izan zen Nafarroako txapelduna (36:44). Beste Iruña taldean dabilen Izaskun Beunza olaztiarra seigarrena izan zen (38:40).
Gizonezkoetan Ivan Aceredak irabazi zuen (30:30) eta bera izan zen Nafarroako txapelduna. Iraitz Senar lakuntzarra (Beste Iruña) 52.a sartu zen (36:18).
Donostian
Bestalde, igandean Donostiako 88. Nazioarteko Erregeen Krosa jokatu zen (10 km). Carlos Mayo madrildarra gailendu zen proba osatu zuten 301 korrikalarien artean (29:53). Israel Arbizu etxarriarra 51.a sailkatu zen (34:53), Mikel Berdud altsasuarra 66.a (35:53), Juan Sobredo altsasuarra 77.a (36:18) eta Juan Luis Maiza etxarriarra 97.a (37:36).