Elurraren eguna antolatu dute iganderako, Urbasan

Guaixe 2018ko ots. 6a, 12:10

Sakanako eskiatzaileak, Urbasan. Argazkia: Artxiboa.

Ipar eski eta raketa ibilbideak, musherren erakustaldia lerako txakurrekin eta norbere kabuz Urbasan ibiltzeko aukera izango da

Elurra egin duela aprobetxatuta, Sakanako Mankomunitateak igandean Elurraren eguna antolatu du Urbasan. Horretarako, Urbasa-Andia Ipar Eski Lagunak, Altsasuko Mendigoizaleak, NavarMushing txakur lera kluba, Bidelagun eta Nafarroako Gobernua talde eta erakundeen laguntza izan du.

Elurbusa
Horrela, iganderako Elurbusa antolatu dute. Autobusa Altsasutik aterako da, Suhiltzaileen egoitza paretik, goizeko 8:30ean eta 10:30ean. Itzulera orduak 12:30ean eta 14:00etan izanen dira, Urbasako kanpinetik. Mankomunitatetik gaineratu dutenez, nahi izanez gero, interpretazio zentroan eta Otsaportilloko pista hasieran ere igo edo jaitsi ahal izango du. Autobusa dohainik da, eta libreki doana bere ardurapean joango da.

Ibilbide gidatuak eta beste
Ondoko jarduerak egiteko aukera izango da Urbasan: ipar eski eta erraketa ibilbideak (maila ezberdinak), musherren erakustaldia lerako txakurrekin eta, horretaz gain, norberak bere kabuz egin ahal dituenak: Urbasan paseoak egin, trineoekin ibili, argazkiak atera… nahi dena.

Ibilbide gidatuak egiteko aukera izango da, eski edo erraketekin (8 euro, asegurua barne). Antolakuntzatik adierazi dutenez, ibilbide hauek egin nahi dituztenek goizeko 8:30ean hartu beharko dute autobusa. Aldiz, erraketa edo ipar eski hastapen ikastaroa egin nahi dutenek 10:30etarako autobusa ere hartzeko aukera izango dute, baina aurrez izena eman beharko dute, Mank-en.

Norbaitek ekimenean parte hartu nahi, baina materiala faltan badu, eskiak eta erraketak alokatzeko aukera eskaintzen du Tolosako Oargi Mendi elkarteak (943 675 612) eta erraketak alokatzekoa Iruñeko Basati Kirolak dendak (948 212 345).

Eski ibilbideak
Urbasa-Andia Ipar Eski Lagunak taldeak 8 urte daramatza Urbasako Otxoportillon ipar eskia egitea ahalbideratzen. “2010ean eman ziguten baimena. Urbasa Andia Natur Parketik konfirmatu ziguten elurra edo izotza egiten duenean Otxoportilloko errepidea trafikoari itxita geratzen dela. Horrela, pista horretako elurra zapatu eta bertan ipar eski pista prestatzeko aukera ikusi genuen. Elurra zapatzeko makinak prestatu genituen eta, ordutik, Nafarroako Gobernuaren baimena eskuetan, nahi duen orok eskiatu ahal izateko pista prestatzen dugu” azaldu dute elkartekoek.

Horrela, Otxoportillotik Eskizako saroira bitarteko 5 km-ko pista prestatzen dute makinekin, eskiatu edo lera txakurrekin ibili ahal izateko. Eta pista edo senda nagusi horri lotuta, bi ibilbide zirkular prestatu dituzte, gune batean bat egiten dutenak. Zortzi bat osatzen dute, eta horregatik 8 deitzen diote. Senda nagusitik doaz, baina paraleloki ateratzen dira eta ondoren sendarekin bat egiten dute edo, bestela, bigarren eraztunarekin, Eskizako sendako perimetroan. Horrela, uneoro senda nagusitik ibili nahi dutenek horrela egin dezakete, eta atera nahi dutenek, aukera dute. Gainera, hainbat puntutan senda nagusira itzuli daiteke. Lehen eraztunaren ibilbidea 11 km-koa da, joan eta etorri, eta bigarrena 15 km-koa.

Bestalde, erraketekin egiteko ibilbide zehatz batzuk markatu dira, askotan jendeak ez dakielako nondik ibili. Lehen ibilbidea 3 km eta erdikoa, joan etorrian, bigarrena 7 km-koa, joan etorrian eta hirugarrena 11 km-koa, joan eta etorri.

Eskiatzeko pistak errespetatzeko deia
Tamalez, batzutan ibilgailu edo todoterreno batzuk bertatik ez zirkulatzeko debekua ez dute errespetatzen, pistan sartzen dira eta pistak apurtzen dituzte. “Jendeak arauak errespeta ditzala, hori eskatzen dugu. Egindako lana zapuzten dute eta ondoren ezin da bertatik eskiatu edo musherrik sartu. Horregatik jendeari eskatzen diogu seinaleak errespetatu ditzala, elurra dagoenean Otxoportillotik ezin da autoz ibili” eskatu du Sakanako Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak.

Elurraren egunean izena emateko
Ostiraleko 14:00ak arte, Sakanako Mankomunitatean (948 464 866, kirolak@sakana-mank.eus) edo egunean bertan autobusean.