Partida erabakiorra jokatuko dute Joseba Ezkurdiak eta Jose Javier Zabaletak igandean Tafallan, eskuetatik mina hartuta dagoen Urrutikoetxea ordezkatuko duen Iñaki Artolaren eta Ibai Zabalaren kontra. Atzo egin zuten materialaren aukeraketa, Tafallako Ereta pilotalekuan.
Artolak eta Zabalak paper latza dute. Urrutikoetxea eta Untoria ordezkatu behar dituzte behar-beharrezkoa den puntua jokoan dutenean. Izan ere, igandeko partida galduz gero, finalerdietara sailkatzeko aukerarik gabe geratuko da Asegarceko bikoa. Konpromiso latza, beraz. Beste aldean, txapelketan behetik gora egiten ari diren Joseba Ezkurdia arbizuarra eta Jose Javier Zabaleta etxarrendarra daude. Sei punturekin, zazpigarrena irabazteak finalerdietarako sailkatzeko aukerak emango lizkioke biko sakandarrari. “Ez da partida samurra guretzat, aspaldi jokatu barik gaude. Eurek asteroko erritmoa dute eta, gainera, txapelketan behetik gora datorren bikotea dira, gogotsu ikusten dira… badakigu partida zaila dela; baina guk ez dugu ezer galtzeko eta onena ematera etorriko gara, ea zer irteten den” adierazi zuen Zabalak.
Zabaleta: “Gure benetako mailara gerturatzen ari gara”
Jose Javier Zabaletak une gozoan daudela aipatu zuen. “Azkeneko hiruzpalau partidatan lan ona egiten ari gara. Jokoa hobetu dugu eta gure benetako mailara gerturatzen ari gara” nabarmendu zuen Etxarrengoak. Igandean irabaziz gero, hanka bat lukete finalerdietan. “Igandean irabaziz gero eta gainontzekoen emaitzen arabera, finalerdietarako sailkatu gaitezke. Dena den, guk soilik gure lana egitea, hori da buruan duguna” azpimarratu zuen Zabaletak. Artola fresko dagoela, hori argi du. “Lesioaren ondotik Artola nola dagoen ez dakigu, dakiguna da fresko egongo dela, partida ona egiteko gogoekin. Finean, partida oso konplikatua eta garrantzitsua da guretzat” aitortu zuen sakandarrak.
Altunak eta Martijak gaur aukeratuko dute materiala
Altunak eta Julen Martijak asteartean jokatuko dute, Tolosan, Bengoetxea VI.aren eta Larunberen kontra. Gaur egingo dute material aukeraketa, 12:00etan.
Promesak: Bakaikoa aukerarik gabe
Promesen mailako bigarren mailan, Binakako hasierako ligaxkako 6. jardunaldia dago jokoan, azkenaurrekoa. Joanes Bakaikoak eta Etchegoinek larunbatean Dario eta Irusta izanen dituzte arerio, Labriten. Finalerdietara pasatzeko aukerarik gabe daude Bakaikoa eta Etchegoin, soilik puntu bat baitute. Aurreko asteburuan Larraintzarren Etxeberria eta Jaunaren kontra jokatzekoak ziren, baina puntua azken hauei eman zieten, Etchegoin bera eta bere ordezkoa, Urretabizkaia II.a, jokatzeko moduan ez zeudelako. Horrela, 22 eta 0 markagailuan, jokoan zegoen puntua arerioek eskuratu zuten.