Elurraren Eguna otsailaren 18ra atzeratu du Mankomunitateak

Guaixe 2018ko ots. 8a, 13:09

Elurbuserako eta eski eta erraketa ibilbideetarako izena ematea 16raino luzatu da

Elurra egin duela ikusita, Sakanako Mankomunitateak, hainbat talderen laguntzarekin, Elurraren Eguna igande honetan, otsailaren 11n egitea aurreikusi zuen, Urbasan. Baina atzoko eguraldi iragarpenaren datuak aintzat hartuta, Elurraren Eguna hurrengo igandera, otsailaren 18ra atzeratzea erabaki dute, eguraldi txarra iragarri baitute. "Egun on bat pasatzeko, eguraldi eta baldintza hobeagoak egon ahal direlako, Elurraren Eguna otsailaren 11tik 18ra atzeratzea erabaki da. Barkatu eragozpenak eta ondo izan" adierazi du Sakanako Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak.

Ibilbide gidatuak eta beste
Elurraren egunari esker, ondoko jarduerak egiteko aukera izango da Urbasan, otsailaren 18an: ipar eski eta erraketa ibilbideak (maila ezberdinak, Mank-en galdetu), musherren erakustaldia lerako txakurrekin eta, horretaz gain, norberak bere kabuz egin ahal dituenak: Urbasan paseoak egin, trineoekin ibili, argazkiak atera, paisaiaz gozatu… nahi dena.
Urbasa-Andia Ipar Eski Lagunak taldeak Otxoportillotik Eskizako saroira bitarteko 5 km-ko pista prestatzen dute makinekin, eskiatu edo lera txakurrekin ibili ahal izateko.

Elurbusa
Elurraren egunaz behar bezala disfrutatzeko, otsailaren 18rako Elurbusa antolatu dute. Elurrarekin Urbasan sortzen diren aparkatzeko arazoak saihestuko dira horrela. Autobusa Altsasutik aterako da, Suhiltzaileen egoitza paretik, goizeko 8:30ean eta 10:30ean. Itzulera orduak 12:30ean eta 14:00etan izanen dira, Urbasako kanpinetik.

Izena emateko
Elurbuserako eta ibilbideetarako izena ematea zabalik dago, otsailaren 16ra arte, Mankomunitatean (948 464 866, kirolak@sakana-mank.eus).