Triku Trailerako izena ematea zabalik

Guaixe 2018ko ots. 9a, 11:20

Gaur, otsailaren 9an goizeko 8:00etan zabaldu da izena ematea. Aurten Euskal Mendi Federazioko lasterketen ranking berrirako puntuagarria izango da eta Nafarroako Txapelketa bertan jokatuko da.

San Juan egunean, ekainaren 24an jokatuko da V. Triku Trail mendi lasterketa, Triku Trail taldeak mimo handiz prestatzen duen mendi lasterketa. 21 kilometroko proba da, 1.400 metro positiboko desnibelarekin, Etxarri Aranazko kanping inguruko paraje zoragarrietan jokatzen dena. Arrakasta eta parte-hartze handia ditu probak eta aurten, Euskal Mendi Federazioko lasterketen ranking berrirako puntuagarria izango denez eta Nafarroako Txapelketa bertan jokatuko denez, parte-hartze handiagoa espero da. Kontuan hartuta probak 350 korrikalariren parte-hartzeko muga duela eta toki horiek betetzen direla, lehenbailehen izena emateko gomendioa egin die antolakuntzak korrikalariei.

Izena ematea gaur zabaldu da, otsailaren 9an, goizeko 8:00etan eta ekainaren 8ra arte edo 350 tokiak bete arte egongo da zabalik www.kirolprobak.com web gunean. Txip horidun federatuek 20 euro ordaindu beharko dituzte, txip horidun gabeko federatuek 22 euro, txip horidun federatu gabekoek 23 euro eta txip horidun gabeko eta federatu gabekoek 24 euro.