Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentuak aurten Urbasa-Andia natur parkeko erabilera publikoa arautuko duen plana eginen du. Haren bidez mendiaren ingurumen balioak zaindu eta aisialdiko jarduerekin bateragarri egiteko irizpideak zehaztu nahi dira. Mendiak eskaintzen dituen aukera guztiak aztertuko dituzte. Horren ondoren, erabilera publikoa planifikatuko dute, eragin ahalik eta txikienak sortzeko helburuz eta hornidura onenak kontuan izanik.
Natur parkeko patronatuaren erabilera publikoari buruzko lan mahaian sortu zen ideia (abeltzaintza eta basoari buruzkoak ere badaude). Urbasa-Andiako erabilera publikoa arautuko duen plana idazteko lanean abeltzainek, turismo arloko ordezkariek, herriek eta elkarteek parte hartuko dute.