Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren eskutik, Pazienteen Eskolako lantegia antolatu du Irurtzunen. 2. motako diabetesa duten pertsonek elikadura eta ariketa fisiko osasungarriak praktikara eramateko gaitasun gehiago garatzeko helburuz antolatu da lantegia.
Osasun Eskola horretan izena ematen dutenak elkarrekin bildu eta haien esperientzien inguruan hizketatuko dira. Gainera, haietan informazioa zabaldu, eztabaidatu kasuak aztertu eta ariketak egiteko aukera izanen da. Beti ere, talde txikian eta jende guztia saio guztietara joan ahal izateko antolatzen saiatuko dira, "batzuk besteen osagarri" direlako antolatzaileen esanetan.
Lantegia martxoaren 5ean, 7an, 13an eta 14an izanen da, 17:00etatik 19:00etara, Irurtzungo udaletxeko batzar gelan. Lehenik, elikadura eta ariketa nola daramatzaten aztertuko dute. Elikagai eta ariketa egokiak izanen dira gero. Norberaren faktoreak eta egin daitezkeen aldaketak ere landuko dituzte.
Antolatzaileek Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen, Irurtzungo Osasun Etxearen eta Irurtzungo Udalaren laguntza dute.
Izen ematea
848 423 450 telefonoan (8:00etatik 15:00etara) edo www.escueladepacientes.navarra.es web orrian. Doakoa da. Saioak gaztelaniaz izanen dira.