Murgildu gaitezen inauterietan! Sakana inauterietan!

Guaixe 2018ko ots. 9a, 14:30

Aurreko astean Irañetan ospatu zituzten inauteriak. Etxarri Aranatzen ere hiru inauteri egun bizi izan dituzte azken hiru ostegunetan, Gizakunde, Andrekunde eta Garikunde. Baina Sakanako herri gehienetan asteburu honetan eta astearte ihotean ospatuko dira inauteriak. Hemen duzue herriz herriko zerrenda

Beste behin egutegia kapritxosoa izan da eta aurten ere Santa Ageda eta kinto ospakizunek inauteriekin eginen dute bat. Baina lasai, ez dago arazorik, gorputzak denetarako ematen du, edo beharko, eta otsailean kinto eta ihote festetan murgilduta ibiliko gara erabat. Dagoeneko zenbait herritan ihoteak ospatu dira. Irañetan, esaterako, aurreko asteburuan ospatu zituzten eta Etxarri Aranatzen azken hiru ostegunetan Gizakunde, Andrekunde eta Garikunde ospatu dituzte. Baina asteartea astearte ihote eguna da, inauterien egun handia, eta egun berezi horren arira, asteburu honetan hasiko dira Sakanako herri gehienetako ihoteak, heldu den astekourrengo asteburuan ere zenbait herritan jarraipena izanen dutenak. Prestatu mozorroa, ihoteetan gbaikaude-eta, bete-betean!


IRURTZUN
Ihotea, gaurtik aurrera Irurtzunen

Irurtzungo inauteriak Atakondoa eskolako ikasleek abiarazten dituzte gaur goizean. Mozorrotutako haurrek ihotea ikastetxean eta herrian barna ospatuko dute. Behin ikastetxera bueltan Marigorri erreko dute, ohi bezala. Iskidi taldeko joaldunak eta mitologia-pertsonaiak arratsaldean izanen dira. Irudimen ospakizuna bihar borobilduko da koadrila guztiak mozorrotuko baitira eta bazkal garaitik ordu txikietaraino irurtzundarrek festan itxuraldatuta parte hartuko dute. Bazkarira 300 bat mozorrotu elkartuko dira.

Egitaraua
Ostirala 9
10:15 Mozorroen desfilea, hamaiketakoa eta kalejira Irurtzunen barna. Marigorri erretzea, eskolan.
18:00 Herri inauteriak: Irurtzungo joaldun handiak eta txikiak eta mitologia pertsonaiak. Plazatik abiatuta. Iskidi. Triki-poteoa eta txistorra-jana karpan.
23:00 Kontzertuak Larrazpin.

Larunbata 10
13:30 Kalejira Galtzagorri txarangarekin.
14:15 Bazkaria jubilatu elkartean
14:30 Inauterietako herri bazkaria eskolako jantokian.
17:00 Herri kalejira txarangarekin, eskolatik abiatuta.
17:30 Mozorrotutako pertsonen eta kuadrillen kontzentrazioa eta argazki-photocalla, plazan.
18:00 Inauteri desfilea.
19:00 Txistorra-jate herrikoia, plazan.

Igandea 11
17:00 Haurrendako animazio zinema: Ardiak eta otsoak.
18:30 Haurrendako animazio zinema: Ovejas y lobos.



UHARTE ARAKIL
Mozorro-festa eta kalejira

Uhartearren koadrilak larunbateko mozorro-festarako mozorroak eta inauteri-gurdiak prestatzen lanpetuak izan dira azken egunetan. Bihar, larunbatean aterako dituzte gurdiak, gutxi gora behera arratsaldeko bost t´erdiak aldera abiatuko den desfilean. Baina momentu hori iritsi aurretik animatuenak gosaltzera elkartuko dira, goizeko vermouthera pintxo-pintxo mozorrotuta ateratzeko.

Aurten Alondegian bilduko dira mozorrotuen herri bazkarira. 60 bat uhartear daude izena emanda. Beste koadrila batzuek euren albiziora bazkalduko dute. Baina batzuk eta besteak bost t´erdiak edo seiak aldera elkartu, mozorrotuen ihote-segizioa osatu eta kalejiran abiatuko dira herritik barna. Aurten Uharteko txaranga izango dute lagun. Mielotxin ere aterako da. Herrian barnako ibilbidea plazan despedituko dute eta gaitz guztiak irudikatzen dituen panpina erreko dute. Ondorengo parranda ordu txikiak arte luzatuko da.


ARRUAZU
Moxorroak kaleetako nagusi

Igandean, 17:00etan, Arbazura gerturatzen direnek moxorroak ikusiko dituzte kaleetan. Izan ere, haiek dira herriko ihoteko protagonistak; burua estalita, soineko eta arropa koloretsuekin eta zigorra eskuan, jendea berotu nahian ibiliko dira. Etxeko txikiak dira moxorro bihurtuko direnak. Eta, horretaz gain, beste mozorroak ere ikusteko aukera izango dute. Mozorrotutako guztiek etxez etxeko puska biltzea eginen dute eta jasotako jatekoekin eta diruarekin txikiek afari-merienda eginen dute Itur-Gain elkartean.



LAKUNTZA
Bihar espezie guztiak; asteartean zatamarroak

Bihar, eguerditik aurrera, Lakuntzako koadrilak, familiak eta txikiak mozorrotuta aterako dira kalera. Denetariko mozorroak ikusteko aukera izanen da inauteri egunean, eta giroa berotzeko 13:30ean hasiko da txaranga lanean. Aurten, kultur etxean izanen da inauterietako bazkaria. Udaletxeak tokia utziko du, baina koadrila bakoitza izango da norbere lagunarteko bazkariko arduraduna. Bazkari autogestionatua izango baita aurtengoa. Ondoren, 18:00etan dantzaldia izango da kultur etxean eta inauteri festak ordu txikitara arte izanen du segida.

Asteartean zatamarroek hartuko dute herria. Soinean arropa eta zaku zaharrak jantzita, aurpegia zapi batekin estalita, buruan lastozko txapela eta eskuan erratza, sardea edo hurritz makila, zigorra. Horixe da zatamarroa. Hura gertutik ikustea seinale txarra, eskutan darabiltenarekin jendea berotu egiten baitute. Hala ere, jendea ez da geldi egotekoa eta haiek zirikatzeko “zatamarro begi-gorri urtien behin etorri” errepika behin eta berriro esanen dute asteartean. Orduan aterako baitira eta kalean gora eta behera ibiliko dira jendea izutzen eta berotzen. Asteartean ere etxeko txikiak mozorrotuko dira.

Egitaraua
Otsailak 10, larunbata
13:030ean Txaranga herrian zehar.
14:30ean Bazkari autogestionatua kultur etxean.
18:00etan Dantzaldia kultur etxean.

Otsailak 13, asteartea
17:00etan Txokolate-jatena.
Ondoren, zatamarroak eta mozorrotutakoak kalez kale.


ARBIZU
Arbizuko txatarrek dakartena

Ihoteak bertan dira, eta Arbizun txatarrak ospatzeko egitarau polita antolatu dute. Hasteko, bihar mozorro eguna izango da. Dagoeneko, makina bat arbizuar koadrilek euren mozorroa prest dute eta eguerdian aterako dira kalera, desfile koloretsua egiteko. Bapo bazkaldu ondoren, inauteri festa gaueko ordu txikitara arte luzatuko da.
Baina ospakizun horrekin batera, asteartean Txatar-eguna ospatuko da eta arbizuarrei txatarraz mozorratzeko gonbitea egin diete Udaletik, Arbizuko betiko herriko inauteriei eusteko. “Jendea animatu nahi dugu txatarraz janztera, baina ez zakuaz bakarrik, txatxarraz janztea jantzi zaharrak, trapuak, zakuak, koltxak, edozein gauza janztea delako, eta, gainera, txatarraz janztea, txatamorroen makilkadarik ez hartzeko modurik onena delako” aipatu dute Udaletik.
 
Egitaraua
Otsailak 10, larunbata
12:00etan Aate plazan
13:00etan Kalejira.
15:00etan Bazkaria Aldabiden.

Otsailak 11, igandea
Kintuek eskien.

Otsailak 12, astelehena
18:00etan Haurrendako pelikula.

Otsailak 13, asteartea
11:00etan Pixkeet eskien.
16:00etan Dantza-kalejire eskien.
19:00etan Txistorra-jana, plazan.
20:00etan Aittun haundiya eta amiñ txikiya erretzea eta txatamorruek.
21:00ean Herri afaria Aldabiden.

Otsailak 16, ostirala
19:00etan “Adarrak dantzan” Altsasuko herri-inauteriari buruzko dokumentalaren aurkezpena.

Oharra
Bazkarirako txartelak (16 euro helduak, 10 euro haurrak, 13 euro ikasle eta langabeak) Karrika tabernan, udaletxien eta liburutegian daude salgai.


UNANU
Mamuxarroak Unanuko kaleetan barna!

Kamixeta eta galtzontzilo luze zuriak, gerriko beltza edo gorria, paxpalinak (mutuak ez direnak) eta zatak jantzita, aurpegia metalezko katolaz estaltzen dute. Gainera, eskutan zigorra dute, belaunetik behera hankak berotzeko azkar eta ederki ibiltzen dakitena. Horiek dira Unanuko mamuxarroak. Urtean bitan ateratzen dira eta iritsi da haien garaia: ihotea.

Mamuxarro txikiak eta handiak daude. Aurrenekoak igandeko protagonistak izanen dira, bigarrenak asteartekoak. Bi egunetan ordu batez ateratzen dira kalera mamuxarroak, 17:00etatik 18:00etara. Bitarte horretan Unanuko karriketan aurrera eta atzera ibiltzen dira, korrika, parean duten guztia berotzen. Mamuxarroak desagertu ondoren, elizako atarian musika eta auzatea izanen dira. Indarrak hartuta unanuarrek etxez -etxe abiatuko dira, puska biltzea egin eta horrekin afaltzeko. Danok bat elkartean afaria 22:00etan izanen da, bai igandean, bai asteartean.


LIZARRAGA
Ihoteak, gurdiak, puska biltze eta bazkari-afariarekin

Biharko egunarekin ospatuko dituzte lizarratarrek inauteriak. Azi Iturri elkartean eguerdian jarri dute hitzordua eta, apika, mozorrotuak agertuko dira, mozorrotutako gurdi eta guzti. Trago batzuk hartu eta ihote-segizioa osatzen duten mozorrotuak kalejira eginen dute. Gurdietan musika eta edateko dutenez, bapo ibiliko dira. Kalejira elkartean despedituko dute eta ihote bazkarian 70 bat lizarratar eseriko dira mahaira. Ilundu aurretik mahaitik jaso eta etxez -etxeko puska biltzeari ekinen diote, gurdi gainean, jakina. Jasotako jatekoekin ihote-afaria eginen dute. Ondoren, parranda luzatu eginen da.


ETXARRI ARANATZ
Zalduniyote eta astearteyote aurretik

Hausterre egunaren aurreko hiru ostegunetako ospakizunak pasa eta gero, igandean etxeko txikiak dira Etxarri Aranazko ihoteko protagonistak, Zalduniyotetan. Haurrak txatarraz jantziko dira eta 18:00etan plazatik kalejiran abiatuko dira. Herrian barna ibili eta gero, txatar txikien segizioa plazara bueltatuko da eta han kintoek antolatutako jokoak izanen dituzte zain, txistulariek giroa berotzen duten bitartean. Jakina, txokolate-janak ez du huts eginen; aurten Karrikestu elkarteari dagokio txokolate goxoa prestatzea. Eta eguraldiak laguntzen badu, Irurtzungo pertsonaia mitologikoen eta Irurtzungo joaldunen bisita izanen dute etxarriarrek.

Astearteiyotean, garai batean, gaita jotzen zen eta bazkaria egiten zuten, denak txatarraz jantzita. Egun, ohikoa denez, goizez eta arratsaldez txarangak kalejira eginen du eta txikienek euren mozorroak erakusteko aukera izanen dute. Turrutxiki txaranga izango da aurten doinu alaiak jarriko dituena. Eguerdian, haurrendako animazioa eta dantzaldia ekarriko ditu “Dantza kasting” ikuskizunak. Ondoren, animosoenak bazkaltzera elkartuko dira aurten ere. 17:30ean, txokolate-jana izanen da eta txarangarekin kalejira. Hura despedituta, 18:00etatik 22:00etara dantzaldia izanen da Orots taldearekin. Hain zuzen ere, mozorro gehienak arratsalde iluntzean elkartuko dira, poteoan. Afaldu ondoren, mozorroak eta txatarrak, denak nahastuko dira ordu txikiak arte iraungo duen inauteri parrandan.


BAKAIKU
Haurrak asteartean eta kamarroak otsailaren 24an
Santa Agedako ospakizunekin bat egiten dutenez, Bakaikuko kamarroak edo herri inauterietako protagonistak beranduago aterako dira aurten Bakaikun, otsailaren 24an hain zuzen ere. Astearte inauterian, aldiz, haur eta gaztetxo bakaikuarrak mozorrotuko dira. Santa Ageda koplak kantatzean jasotakoarekin bazkaltzera bilduko dira eta egun pasa polita egingo dute.


ITURMENDI
Asteartean jitomotxorroak kalera eta hurrengo larunbatean mozorrotuen festa

Iturmendin iaz egindako aldaketari eutsi diote. Ordura arte domekan egiten ziren ihote ospakizunak, baina larunbatera aurreratzea erabaki zuten iaz. Aurten asteburu honetan kintoen ospakizunak direnez, hurrengo larunbatera, otsailaren 17ra, atzeratu dute inauterien festa.

Baina aurretik, asteartean, 20:00ak aldera, jitomotxorroak kalera aterako dira; kalejira zaratatsua eginen dute Iturmendiko kaleetan barna. Aitzkozar elkartean 22:00etan eginen den afariarekin despedituko dute ihotea. Bestelako mozorroak hurrengo larunbaterako utziko dituzte.


URDIAIN
Mantaguna, momoxarro txikiak eta handiak

Mantaguna guna, guna, guna, zakuan kunkuna. Errepika hori behin baino gehiagotan entzunen da  Urdiainen, larunbatean, Mantagunean. Arpilerazko mantak edo zakuak jantzita, ikusteko bi zulo eginda, zigorra eskuan dutela mozorrotu txikiek ingurukoak zirikatu eta berotuko dituzte. Aurten Santa Agedako ospakizunekin bat eginen du Mantagunak, eta kinto eta mozorrotu, festa polita izanen da herrian.

Ihote-ospakizunek domekan izanen dute segida. Iluntzearekin batera kalean agertuko diren momoxarro txikiak izanen dira protagonistak. Askotariko itxura dute momoxarroek: ardi-narruak edo ohe-estalkiak izan ditzakete soinean, aurpegia estalita, batzuk buruan txano konikoa jantziko dute, farak dituzte, besteak beste. Zigorra eskuetan, jendea berotzeko ahalegin betean ariko dira. Haiekin batera, etxeko txikienek soinean mota guztietako mozorroak jantziko dituzte. Ondoren, txokolate-jana izanen da, plazan edo frontoian, eguraldiaren arabera.

Txikien ondoren, momoxarro handiak asteartean jabetuko dira Urdiaingo kaleez. 18:00etatik aurrera kalean opatzen dituztenek haiengandik lasterka ihes egiten ez badute, zigorrarekin ederki berotuko dituzte. Are gehiago honakoa esanez gero: Momoxarro xirrikiti xarro, esportero molinero, zaia janda putza gero, arre konpañero. Aurpegiko estalkiak 20:00etan kenduko dituzte momoxarroek. Segidan, baten bat baino gehiago sorgin afarietan bilduko da.


ALTSASU
Hiru egunetako inauteria: Altsasuk ihoteaz gozatzeko hiru egun eskaintzen ditu. Domekako inauteri txikiarekin, haurren egunarekin, hasiko dira ospakizunak. Astearteko herri-inauteriko eta heldu den larunbateko hiri-inauteriarekin osatzen dira mozorro egunak

Larunbatean Santa Agedako kintaden bazkari, afari eta festan murgilduta egongo dira altsasuarrak. Baina igandetik aurrera txipa aldatu eta inauterietan pentsatzen hasiko dira, igandean inauteri txikia baita, asteartean herri inauteria eta hurrengo larunbatean, hilak 17, piñata eguna.

Igandean etxeko txikienak mozorrotu eta haurren maskaradan bilduko dira, 17:30etik aurrera. Xaiborrekin mozorro festaz gozatzeko parada izango dute txikienek eta gaztetxoenek, eta bukaeran Momonsuzkoren bisita izanen dute.

Astearteko herri inauteriak dira kuttunenak altsasuar askorendako. Inauteriak berreskuratzeko lan handia egin zuten altsasuarrek, duela 36 urte berreskuratu zituzten, 1982. urtean eta ordutik barrutik bizi duten festa da. Festa ikusgarria, “Turismo Intereseko Nafarroako Festa” izendatu zuen 2011ko Foru Aginduak.

Ihote altsasuarrareneko ikonoa momotxorroa da. Makina bat altsasuar hartan itxuraldatuko dira asteartean. Baina baita ihote segizioko beste hainbat pertsonaietan ere: ereintza, juan-tranposoak, maskaritak, akerrak eta sorginak, ezkontza eta matxin gaiztoak. Txikienen segizioa, ohi bezala, arratsaldez izanen da eta iluntzearekin batera, berriz, helduena.

Aurten ere, astearteko ihote-segizioa Zumalakarregi plazara iristen denean, Dantzarima dantza konpainiako kideek Akelarrea, Hamahiru taupada irudikatuko dute. Sorginen larruan sartu eta “lurraren taupadak sentituko ditugu. Bizitzaren erritmoaren mugimenduarekin gugana gerturatuko dira, beste behin, magia eta Akelarrearen dantza ekarriz”. Inauterien segizioa plazara iritsi baino lehen, berriz, dantzaren konjuruen eta musikaren bidez sorginek Altsasuko segizioko pertsonaiak lozorrotik ateratzen hasiko dira, iluntzeari, neguari, akabera emanez. Lo dagoen natura fareen soinuek eta errautsek garbituko dute, berriz emankor izan dadin.

Oharrak
Hasteko, inauterien batzordeak azpimarratu nahi izan du inauterietan ere berdintasunean bizi behar dugula festa, eta etxeko eta familiako ardurak guztion artean banatu behar ditugula. Halaber, “ezezkoak ezetz” esan nahi duela nabarmendu dute, eta “Erasorik ez” leloa bere egin dute.
Bestalde, jakinarazi dute momotxorroak eta beste pertsonaiak Zelandin janzten diren bitartean bisitariek hori ikusteko aukera izanen dutela, baina frontoira sartzeko deia egiten zaienean, Zelandiko eremutik ateratzea eskatu dute. Bestetik, gogorarazi dute ihote programazioan parte hartzea guztiz borondatezkoa dela. Horregatik, arretaz jokatzea eta segurtasun tartea gordetzea gomendatu dute. Ez udala ezta Inauteri Batzordeak ere ez du pertsonengan edota materialetan sortutako kalte edo erreduren ardura izanen. Azkenik, Zelai, Altzania eta Bakea kaleetan autorik ezin dela aparkatu gaztigatu dute.


Egitaraua
Otsailak 11 domeka: Inauteri txikia
17:30etik 19:30era Haurren maskarada Iortia aurrean. Txokolate-jatena eta mozorro festa Xaiborrekin. Akaberan, Momonsuzko.

Otsailak 13, asteartea: Herri inauteria
14:30ean Herri bazkaria, Burunda frontoian.
16:30ean Puska biltzea, Alde Zaharretik.
16:30ean Momotxorro txikien elkarretaratzea eta txokolate-jana, Zumalakarregi plazan.
17:00etan Momotxorro txikien irteera, Txaranga Txorongo eta Altsasuko Gaitariak lagunduta.
17:30ean Auzatea Gure Etxean.
18:00etan Inauteri txikiaren iritsiera Foru plazara. Ondoren, Momonzuskoa.
18:30ean Kalejira, Foru plazatik Zelandiraino.
18:30ean Torrada dastatzea, Gure Etxea eraikinean, Altsasuko elkarte gastronomikoen laguntzarekin.
18:45ean Odolaren erritoa eta herri inauteriko elkarretaratzea, Zelandin.
19:00etatik 21:00etara Dantzaldia Soni2 bikotearekin, Foru plazan.
19:30ean Herri inauteriaren irteera, Zelanditik. Txorongo Txarangak, Zangitu fanfarreak, Altsasuko Txistulari eta Gaitariek eta Xapiru trikitixa eskolak lagundua.
19:45ean Ezkontza San Juan plazan.
20:00etan Akelarrea, sugarraren boterea, Dantzarima dantza konpainiako dantzariak.  Zumalakarregi plazan.
21:00etan Inauteriaren iritsiera, ezkila jotzea, dantzaldia eta mozorroak kentzea, Foru plazan.
22:00etatik 00:00etara Dantzaldia Soni2 bikotearekin, Foru plazan.


OLAZTI
Larunbatean Zamarraundiak, zamartxikiak, iratxoak, basaldunak eta bestelako pertsonaiak kalera

Mende erdiz isilduta egon ondoren, duela 26 urte berreskuratu zituzten Olaztiko Ihoteak. Aurreko urtean, 25. urteurrena zenez, modu berezian ospatu zituzten herri inauteriak eta hainbat herritako pertsonaiak gonbidatu zituzten. Esperientzia bikaina izan zenez, aurten ere gonbidatuak ekartzea pentsatu dute. Horrela, Olaztiko bertako Zamarraundi, Zamartxiki, iratxoak, Mari Arroka, medikua, alkatea, apaiza, behizainak, basozainak… eta halako pertsonaiekin batera, Ahnauzeko Basaldunak izanen dira larunbatean Olaztin. Larunbatean 18:30ean aterako dira kalera.

Aurreko ihoteak
1937. urtean Francok inauteriak debekatu zituen, “inmoralak” omen zirelako. Olaztiko inauterietan berreskuratze lanak egin zituen Adelaida Kintanak kontatu zigunez, aurretik Olaztin hiru egunetan ospatzen ziren ihoteak. Lardero egunean, ostegunean, ahuntzainak, basozainak eta behizainak etxez etxe joaten ziren, bi eskaintza zereal eman behar zituztelako haien langileei. Etxekoandreek ere jakiak eramaten zizkieten, eta ondoren merendua edo bazkaria egiten zuten, haurrek eta ttunttuneroek lagunduta. “Horregatik guk berreskuratutako ihoteetan ateratzen diren lehenengo pertsonaiak haiek dira, alkatea, apaiza, medikua, behizainak, ahuntzainak, basozainak… Suziria botatzen dute eta orduan hasten gara segizioarekin” azaldu zigun Kintanak. Beste egun batean Zamartxikiak ateratzen ziren. Ardilarru bakar batez bizkarrean, bururaino, janzten ziren. Aurpegia beltzez margotzen zuten eta gero harrapatzen zuten edonori muxua bezala emateko gerturatzen ziren, baina, aurpegia zikintzen zioten. Kamantxilak eramaten zituzten eta zarata handia egiten zuten. Jendeari edozein gauza botatzen zioten: errautsak, lurra... harrapatzen zutena.

Zamarraundiak asteartean ateratzen ziren, egun handian, garizuma aurreko egunean. Horiek bi ardilarru eramaten zituzten, bat aurretik eta bestea atzetik. Aurpegia zapi txuri batez estalita eramaten zuten; ipurukoa, farak edo joareak eta gona eramaten zuten ere. Zarata handia egiten zuten: jendeari bazetozela eta egurra eman behar zutela abisatzeko. Makila edo egurrezko sardea eramaten zuten. Haurrek ere korrika egiten zuten eta lelo bat kantatzen omen zuten. “Pasa den mendearen hasieran, gizon batzuek gurdi bat atera zuten. Gurdia ongarriz beteta zegoen. Gaur egun ongarria botatzea ez da bidezkoa, ezinezkoa da, horregatik lurra edo zerrautsa botatzen dugu. Gurdi hau idiak bezala eramaten zuten eta labaderora edo iturrira joaten ziren ura edatera. Zamarraundiek egiten zuten” kontatu zigun Kintanak.

Hiru eguneko ospakizun horiek egun batean bildu zituzten olaztiarrek duela 26 urte inauteria berreskuratu zutenean. Mari Arroka ere gehitu dute segiziora. Ihote Batzordeak eta Olaztiko Udalak antolatzen dute herri inauteria.

Asteartean txikien merenduola eta sardina-erretzea
Astearte inauterietan Olaztiko txikienak mozorrotzen dira. Beraiendako ikuskizuna eta txokolate-jana izanen da. Gauean, aldiz, sardinaren irteera eta sardina-erretzea eginen da.

Egitaraua
Otsailak 10, larunbata
14:30ean Herri bazkaria frontoian. Postrerako torrija lehiaketa.
18:00etan Janzteko elkarretaratzea frontoian.
18:20ean: Futbito pistaraino kalejiran
18:30ean: Herri ihoteak futbito pistatik. Gonbidatuak: Anhauzeko Basaldunak
20:00etan Zortzikoa plazan. Ondoren, salda eta poteoa txarangarekin.

Otsailak 13, asteartea
17:00etan Merenduola eta Pac-Man Dantz pilotalekuan.
21:30ean Sardinaren irteera eta erretzea. Torrijak gaztetxean.


ZIORDIA
Txikienen festa asteartean
Ziordian, asteartean inauteriak ospatuko dituzte herriko txikiek. 17:30ean elkartuko dira mozorrotu txikiak eta herrian barnako kalejira eginen dute. Buelta osatu ondoren Errekakartea elkartean merendua izanen dute, txokolate-jana eta ogitartekoak. Aurreko urteetan bezala, helduen ihote ospakizuna hurrengo asteburura pasako da, otsailaren 17ra. 19:30ean aterako dira kalera mozorrotu guztiak, poteora. Bapo afaldu ondoren, Pantxo Valbuenaren kontzertuarekin dantzan jarriko dira guztiak.

HURRENGO ASTEAN, GEHIAGO
Herri inauteriak pasata, Altsasuko eta Olaztiko hiri inauteriak edo piñatak otsailaren 17an ospatuko dira. Ziordiko helduen ihote ospakizuna ere otsailaren 17an izanen da. Ihabarren ere Heldu den asteko asteburuan, otsailaren 17an eta 18an ospatuko dute inauteria. Baita Hiriberrin ere, otsailaren 17an. Aldiz, Bakaikuko kamarroak otsailaren 24an aterako dira kalera, orduan ospatuko baita inauteria.