Inklusibitatea azaleratzeko argazki erronka

Guaixe 2018ko ots. 10a, 12:17

Argazkien bidez inklusibitatea jasotzeko gonbidapena egin du Nafarroa Oinezek.

Iñigo Aritzak Nafarroa Oinez antolatuko du eta festa horren bitartez egoera inklusiboak sustatzeko ekintzak egitea hartu zuen erronkatzat. Argazkien bidez inklusibitatea ekimenaren helburua da irudien bidez egoera inklusiboak plazaratzea.

Horretarako, argazkilariek kontutan hartu beharreko irizpideak honakoak izanen dira: aniztasun funtzionala, genero aniztasuna, kultura edo jatorri aniztasuna, giza irudi aniztasuna, hizkuntza aniztasuna, belaunaldi aniztasuna eta osasun aniztasuna.

Nafarroa Oinezetik "inklusibitatearen irizpide horiek kontuan izanik Urdiain, Altsasu, Olatzagutia, Ziordia eta Nafarroako gainerako ikastoletan argazkiak egiteko deialdia" egin dute. "Irizpide horiek errespetatzen diren edozein egoera, toki, protagonista eta bestelakoei argazkiak ateratzean datza ekintza".

Argazkiak ateratzeko epea astelehenean zabalduko da eta hilaren 28ra arte egonen da zabalik. Ekimen horren inguruko informazio zabalagoa, arauak eta parte hartzeko modua www.nafarroaoinez.eus web orrian.