Larunbatean aurkezpen jendetsua egin zuen Asociación Navarra de Victimas del Terrorismo de ETA (ANVITe). Erakunde sortu berriak 120 kide ditu eta ETAren atentatuetan hil edo zauritutako 50 biktima ordezkatzen dute. Haien artean daude ETAk 1979ko ilbeltzaren 27an hildako Jesus Ulaiar Liziagaren ondorengoak.
Jakinarazi zutenez, "sekula ez dugu gurekin erabilera alderdikoiak egiten utzi, eta ez dugu utziko". AVTko presidente Alfonso Sanchezi erantzun nahi izan zioten horrela. Gaineratu zutenez, "EH Bilduk eusten dion Nafarroako Gobernua publikoki salatu dugu ETAren beldur historia zuritzeko egindako ahaleginengatik. Eta ahalegin horretan biktima kontzeptua moralki onargarriak ez diren mugetaraino luzatzen du". Adibidetzat Etxarri Aranazko Sufrimenduaren mapa jarri zuten: "herriko alkate izan zen eraildako bat eta bere hiltzaileak plano berean jartzen dira".
Agerraldian jakinarazi zutenez, ETAko biktimen memoriako eguna dela eta Iruñeko Baluarte plazan eginen den ekitaldian izanen dira igande eguerdian.