Azken bi asteetan Sakana guztian barna 117 zioten kartelak eta pankartak ikusi ditugu. Errezelo-kanpaina zela argi zegoen, baina jende askok zifraren esanahia jakin nahi zuen. Sakanako Sortuk eta Ernaik jakinarazi dutenez, 117 dira 1960 eta 2010 artean Sakanan torturatutako pertsonak. Batzuk behin baino gehiagotan izan dira, 135 kasu salatu baitira.
Asteartean 37 urte beteko dira Joxe Arregi torturen ondorioz hil zela. Eta horren harira 117 sakandarrek "esperientzia latz bezain ahaztezinak"pasa dituztela gogorarazi dute. "Benetako erreparazioa eman dadin, tortura Estatu espainiarrak erabili duen metodo sistematikoa izan dela aitortu behar da". Sortuko eta Ernaiko kideek azaldu dutenez, "bake prozesu integral bat bulkatu behar badugu, urte luzez modu kontzientean estali diren egoerak ikusaraziz eta aitortuz, ez errepikatzea berma dadin".
Bi erakundeek iragarri dute "Sakanak eta Euskal Herriak nahi duten etorkizuna, desmilitarizazioa eta askatasuna" aldarrikatzeko otsailaren 17an, Etxarrin ekitaldia eginen dute.