Sakanako EH Bilduko hautetsien ordezkaritza zabal batek Abiadura Handiko Tren (AHT) egitasmoaren aurrean koalizioak duen iritzia eman du. Eurena "merkantziak eta bidaiariak garraiatzeko egokia litzatekeen eredua" da, trenbide bikoitza eta haiek Europako zabalerakoa. Ibarreko geltokiak "biziberritzea" eskatu dute, "sakandarren bizimodua eta etorkizuna hobetzeko balioko lukeen trena" izateko.
Horrek guztiak ekarriko luke Sakana "Iruñea, Gasteiz eta Donostiarekin era eroso eta eraginkor batean lotzea. Sakandarrei kalitatezko zerbitzua prezio merkean eskaintzea. Ahalik eta herri gehienetan zerbitzua eskainiz".
Desadostasunerako argudioak
Sustapen Ministerioak proposatutako AHT ibilbidearekin "erabateko desadostasuna" azaldu zuten. "Proiektu inposatua da, inork ez du sakandarren iritzia eskatu ezta aukerarik eman erabakia hartzeko ere". Aldi berean, AHTk "inongo justifikazio sozialik eta ekonomikorik ez duen azpiegitura" dela ziurtatu zuten, gaineratuz "ekonomikoki eta sozialki ere ez direla bideragarriak". Desadostasunerako EH Bilduren beste arrazoi bat "gizarte lehentasunak daudenean AHT diru xahutze ikaragarria dela".
Koalizioak tren azkarraren kontra argudiatu du Sakanako Plan Estrategikoa "goitik behera" baldintzatzen duela, "abeltzaintza, nekazaritza eta turismoaren sektoreak are gehiago ahulduz". Egitasmoak ingurumena "izugarri kaltetzen" duela gaineratu eta konstatazioa egiten du koalizioak: "Sakanan azpiegitura erraldoietarako korridore hutsa bilakatzea (AHT, autopista elektrikoa…), horretarako gure bailara txikitu behar bada ere".
Ekimenak eta alternatibak
EH Bilduko hautetsiek jakinarazi zutenez, AHT egitasmoaren jendaurreko epearen barruan, alegazioak aurkezteko epean gaude eta "horretara animatu behar ditugu instituzioak eta herritarrak". Sakanako Mankomunitateak ere alegazioak aurkeztea proposatuko dute.
Koalizioko kideek konpromisoa hartu dute "Sakanak behar duen tren sozialaren inguruko alternatibak ikertzeko lanak egin daitezen". Parte hartzen duten gune eta erakunde guztietan hori bulkatuko dutela gaztigatu dute.
Bi proposamen jakinarazi zituzten. Batetik, Iruñea eta Gasteizko trenari buruzko ikerketa abian jartzea udalen eta Sakanako Mankomunitatearen babesarekin. Bestetik, Nafarroako Gobernuari eskatuko diote "Alternatiba guztiak aztertzea eta haien artean hautatzeko prozedura demokratiko bat martxan jartzea. "Herritarrok erabaki dezagun zer nolako trena behar edo nahi dugun, ez beste inork".
Azkenik, EH Bildutik sakandarrak informazio hitzaldietara joatera, alegazioak aurkeztera eta dei litezkeen mobilizazioetan parte hartzera animatu dituzte.