Sakrifizioguneak

Hiru Mugak Batera plataforma 2018ko ots. 9a, 08:16

Mexikoko Holcim empresa

Apaxcon (Mexiko), Holcim zementugilearen filial baten aurkako borroka luze eta latza burutu da. Bere instalazioetara sarrera ixten zuen kanpaldiak bi urte iraun zuen, azkenean joanarazi zuten arte.

Testuinguru eta hiri horretan egin zen joan zen urte amaieran Errausketaren aurkako Nazioarteko Hirugarren Topaketa, eta bertan, Europako eta Ameriketako erakundeek parte hartu zuten. Topaketa esperientziak partekatzeko, estrategiak berrikusteko eta zero zabor helburu duten hondakin planak indartzeko baliatu zuten.

Era berean, jardunaldiek ere balio izan zuten azaltzeko nola ekonomikoki eta sozialki gutxi garatutako herrialdeetan, gobernuek eta zementugileek ez duten batere lotsarik errentagarria zaien edozer nolanahi errausteko. Ez dituzte erabili behar hemen erabiltzen dituzten amarruak, eta, horrela, gobernuek itunak sinatzen dituzte zementu-fabrikekin hirigune handietako milaka eta milaka tona hondakin erretzeko.

Amiantoarekin gertatutakoaren antzekoa errepikatzen da berriz. Hemen minbizi eragile zela ikusi zenean, enpresariek, beraiek ezer ez zekitela esan zuten eta Indiara eta hirugarren munduko beste herrialde batzuetara eraman zuten, oraingoz eta bertako jendeak minbiziaren ondorioak jasan eta kontzientzia hartu arte behintzat, han azalpenik eman beharrik ez dagoelako.

Eta ildo horretatik, kezka sortu du Txinak hondakin inportazioari ezarritako bat-bateko murrizketak, besteak beste mundu osoko 7,3 milioi tona plastiko, eta horrek mundu mailan ekarriko duen hondakinen geopolitika aldaketa, errausketaren aldekoek aprobetxa dezaketen egoera, bestalde.

Topaketak beste kontzeptu interesgarri bat plazaratzeko ere balio izan du. Badira Mexikon, han “sakrifizioguneak” deitzen dituztenak, azpiegitura arriskutsu eta osasunerako eta ingurunerako jarduera kaltegarriak pilatzen diren guneak, eta horrek, sortutako kutsadura maila dela eta, eremu horiek berriz lehengoratzea ezinezkoa bihurtzen du. Ez al zaigu hau Sakanan ezaguna egiten? Nafarroako planta kutsatzaileenetakoa den zementu-fabrika bertan kokatzeaz gain, hondakin errauskailu bihurtzeko etengabeko mehatxupean bizi gara, eta hori gutxi balitz, AHT proiektua eta linea elektrikoa ere hor ditugu.

Halakoak plazaratzea gehiegikeria dela pentsa liteke, baina hainbeste proiektu txikitzaile eta kaltegarri, eta denak gure eskualdean pilatzeak zer pentsatua ere ematen du.