Nafarroako taldekako bertso ekimena, Bardoak 2018, gaur ibarrera iritsiko da, Lakuntzara zehazki. Sorgiñak tabernan, 20:00etatik aurrera, Sakana Zart eta Baztan-Malerrekako Addams familia taldeak bertso saioan neurtuko dira. Iker Gorosterrazu Elizagoien, Amaia Elizagoien Varela, Egoitz Gorosterrazu Elizagoien eta Alazne Untxalo Erregerena dira talde bisitaria osatzen dutenak. Parean izanen dituzte Josema Leitza Razkin, Joseba Andoni Beltza Bengoetxea, Ekain Alegre Gil eta Saats Karasatorre Martinez. Saioa Jon Arratibel Irurtzunek aurkeztuko du.
Epaile lana lehen fasean beste multzo batean ari den talde bateko bi kide eta publikoko bost pertsona izanen dira. Horrela erabakiko da saioko talde onena zein izan den.
Talde lanean egin beharrekoa
Taldekako hasierako agurraren ondoren, honako lana osatu beharko dute aurreneko fasean: binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian; bakarka, gaia eta oinak emanda, bi bertso Habanera doinuan; binaka, egoera emanda, minutu bateko bina txanda segidillen doinuan; bakarka, gaia emanda, bi bertso doinu eta neurri librean; bakarka, zortziko txikian, puntu banari erantzun (taldeko hiru kideak); binaka, pertsonaia asmatu, galde erantzunen bidez, gehienez hiru minutuko tartean (talde bereko bi kide); binaka, egoera emanda, launa kopla; puntuko saioa taldekideen artean, ohikoa ez den doinuan sei bertso osatu arte eta egoera emanda eta akaberako agurra. Azkena hori ez beste, gainontzeko ariketa guztiak puntuagarriak dira.