Binakako hasierako ligaxkako 12. jardunaldiko 4 partidetatik 2 jokatu dira asteburu honetan. Gainontzeko biak gaur eta bihar izanen dira, inauterietan murgildua dagoen Tolosan.
Ezkurdiak eta Zabaletak partida erabakigarria izan zuten igandean Tafallan. Urruti eta Galarza ordezkatu zituzten Artola eta Ibai Zabala izan zituzten arerio. Sakandarrek euren zazpigarren puntua lortu nahian atera ziren kantxara, finalerdiak buruan, eta Artolak eta Zabalak konpromiso zaila zuten: Urruti eta Galarzaren aldeko seigarren puntua lortzea, finalerdietarako sailkatzeko aukera izan zezaten. Izan ere, galduz gero, finalerdietatik kanpo geratuko baitziren Urruti eta Galarza.
Partidan behetik gora egin zuten sakandarrek. Hasieran akats asko egin zituen Zabaletak, baina hamarna berdindu eta gero, gora egiten hasi ziren. Ezkurdiak eta Zabaletak Ibai Zabala estutzen hasi ziren. Izan ere, atzeko koadroetan erabaki zen lehia. Horrela, aldea ateratzen hasi ziren eta, azkenean 22 eta 15 irabazi zuten sakandarrek. Azken tantoan, Asegarcekoek txokoan egindako pilotara iritsi zen Zabaleta eta garaipena gogoz ospatu zuten gureek, garaipen oso garrantzitsua baitzen, euren zazpigarren puntua eman ziena. "Hasieran ez genuen elkar ongi ulertzen, baina partidak aurrera egin ahala hobetu egin dugu" aipatu zuen partida bukaeran Joseba Ezkurdiak. "Oso pozik" zeudela gaineratu zuen.
Izan ere, sakandarrek hanka t´erdia dute finalerdietan. Gaur, lau puntu dituzten Lasok eta Albisuk dagoeneko finalerdietarako sailkatuta dauden Elezkano II.a eta Rezusta dituzte aurkari Tolosan. Elezkano II.ak eta Rezustak irabazi eta 10. puntua lortuz gero, zazpina puntu dituzten Altuna III.a-Martija, Olaizola II.a-Imaz eta Ezkurdia-Zabaleta automatikoki sailkatuko dira finalerdietarako. Bestela, jokoan geratzen diren bi jardunaldietan erabakiko da guztia.
Altuna III.ak eta Martijak bihar jokatuko dute
Binakako 12. jardunaldia bihar bukatuko da, Altuna III.ak eta Julen Martijak Bengoetxea VI.aren eta Larunberen kontra Tolosan jokatuko duten partidarekin (ETB1). Oinatzek eta Larunbek hiru puntu dituzte eta ez dute finalerdietara pasatzeko inolako aukerarik, baina Asegarcekoak Aspeko arerioei gauzak zailtzen saiatuko dira. Bestalde, Altuna III.ak eta Martijak euren zortzigarren puntua lortuz gero, finalerdietarako sailkatzea lortuko dute.
Gaur Tolosan gertatzen denak, nolanahi ere, sailkapena erabaki edo atzeratuko du eta hari so egongi dira pilota zaleak.
Binakakoa. 13. jardunaldia
Laso-Albisu / Irribarria-Merino II.a (ostiralean, 20:30ean, Hendaian. ETB1)
Olaizola II.a-Imaz / Altuna III.a-Martija (larunbatean, 17:00etan, Iruñean. ETB1)
Urrutikoetxea-Galarza / Elezkano II.a-Rezusta (larunbatean, 17:00etan, Bilbon)
Bengoetxea VI.a-Larunbe / Ezkurdia-Zabaleta (igandean, 17:00etan, Altsasun. ETB1)