Ezkurdia-Zabaleta eta Altuna III.a-Martija finalerdietan!

Guaixe 2018ko ots. 13a, 11:46

Binakako hasierako ligaxkako bi jardunaldiren faltan, badakigu zein lau bikote pasa diren finalerdietara

Badakigu zein lau bikotek jokatuko dituzten Binakako Pilota Txapelketako finalerdiak. Hasierako ligaxkako 12. jardunaldiko hirugarren partidak erabaki zuen guztia atzo, Tolosan. Elezkano II.a eta Rezustak Laso eta Albisu izan zituzten aurkari, eta hasieratik jaun eta jabe izan ziren Aspekoak. Elezkano II.a eta Rezusta Laso eta Albisuren gainetik pasa ziren eta, azkenean, 22 eta 9 hartu zituzten menpean. Euren 10. puntua lortu zuten dagoeneko finalerdietara sailkatuta zeuden Elezkano II.ak eta Rezustak, baina, horretaz gain, euren garaipenak beste ondorio batzuk izan zituen, beraiekin batera finalerdietara pasako diren hiru bikoak zehaztu baitzituen: Altuna III.a-Martija, Olaizola II.a-Imaz eta Ezkurdia-Zabaleta.

Gaur Altunak eta Martijak Bengoetxea VI.a eta Larunbe dituzte aurkari
Binakako hasierako ligaxkako 12. jardunaldia ixten duen partida jokatuko da gaur Tolosan, 16:30etik aurrera. Tartean, Altuna III.ak eta Julen Martijak Oinatz Bengoetxea eta Larunbe izango dituzte aurkari, ezer jokoan ez dela. Baina txapelketaren erritmoari ongi eusteko, ahalik eta puntu gehienak lortzea nahi dute pilotariek eta Altunak eta Martijak euren zortzigarren puntua lortu nahi duten bitartean, Bengoetxeak eta Larunbek sailkapena makillatu eta euren laugarren puntua lortu nahi dute.

Bi jardunaldiren faltan, dena erabakita
Binakako hasierako ligaxka despeditzeko 2 jardunaldi falta dira eta dena erabakita dago. 2012 urtetik, hasierako ligaxkako bi bueltako sistema ezarri zenetik, hau gertatzen den lehen aldia da. Hurrengo bi jardunaldiek, beraz, ez dute emoziorik izango. Soilik klasifikazioan zein postuetan sailkatzen diren dago jokoan, horren arabera zehaztuko baitira finalerdietako bikoteak eta parekatzeak.

Sailkapenean, gaur Altuna III.a-Martijak eta Bengoetxea VI.a-Larunberen arteko partidaren emaitzaren faltan, Elezkano II.a eta Rezustak hamar puntu dituzte, Altuna III.a-Martijak, Olaizola II.a-Imazek eta Ezkurdia-Zabaletak zazpina puntu, Urrutikoetxea-Galarzak bost puntu, Laso-Albisuk eta Irribarria-Merino II.ak launa puntu eta Bengoetxea VI.a-Larunbek hiru puntu.

Ezkurdiak eta Zabaletak Altsasun jokatuko dute igandean
Binakako 13. jardunaldiko partida bat Altsasun jokatuko da, igandean. Joseba Ezkurdiak eta Jose Javier Zabaletak etxean jokatuko dute, Burunda pilotalekuan, Bengoetxea VI.aren eta Larunberen kontra. Finalerdietarako sailkatuta daude baina euren zortzigarren puntua lortu nahi dute sakandarrek. Material aukeraketa ostegunean eginen da, 14:00etan. Sarrerak erreserbatzeko 661 259 009 telefonora hots egin daiteke (Olaia).