Etxeberria eta Gonzalez Palmako podiumean

Guaixe 2018ko ots. 14a, 11:20
Josu Etxeberria, Gudane Araiz eta Bakarne Gonzalez, Palman lortutako trofeoekin. Argazkia: Nafarroako Txirrindularitza Federazioa.

Josu Etxeberria Espainiako Pista Kopan hirugarrena sailkatu da eta Bakarne Gonzalez Koparako baliagarria zen Palmako Torneoan bigarrena sailkatu zen eta Kopan laugarrena

Asteburuan Espainiako Pista Kopako hirugarren eta azken proba baliagarria jokatu zen, Palmako Pista Torneoa. Nafarroako selekzioarekin Josu Etxeberria junior iturmendiarra, Bakarne Gonzalez junior altsasuarra eta Martxel Etxeberria kadete iturmendiarra lehiatu dira, Gudane Araiz eta Sergio Aliagarekin batera.

Josu Etxeberriarendako ez da asteburu gozoa izan. Bera eta Javier Serrano madrildarra ziren junior mailako Espainiako Kopako liderrak, biak 26 punturekin, baina Balear Irletako Albert Rierak sorpresa eman zuen Palman eta, nahiz eta liderrek baino 10 puntu gutxiago izan, Palmako Torneoa irabazteaz gain, Espainiako Kopa lortu zuen (32 puntu). Serranok eta Etxeberriak ez zuten puntuatu, eta bigarrena eta hirugarrena sailkatu ziren, biak 26na punturekin. Hortaz, Espainiako Kopako hirugarrena dugu Iturmendiko gaztea.

Bestetik, Bakarne Gonzalezek Palmako Torneoko bigarren postua lortu zuen, eta Espainiako Kopako junior mailako emakumezkoen fondisten mailan laugarrena sailkatu zen Altsasukoa (19 puntu), Euskadiko selekzioko Naia Amondarain txapeldunetik (37 puntu) 15 puntura. Eta, bukatzeko, aipatzekoa da Martxel Etxeberria kadeteak aurten debutatu duela Nafarroako selekzioarekin eta behetik gora egin duela Iturmendiko gazteak, scratch eta puntuazio probetan bereziki. Espainiako Kopako fondista kadeteen sailkapen orokorrean 22.a sailkatu da Martxel.

Taldekako txapelketan Euskal Federazioa izan da txapelduna (42 puntu) eta Nafarroako federazioa 10.a sailkatu da (6 puntu).