Watxapatik dator notizia

Aitzindarien plazan bere izena aurkitzen da

kolaboratzaileak

Urrutitik etorri zait albistea, watxapatik, gertutik inoiz entzun ez dudana. Gure bailaran, XVI. mendean, ba omen zen ginekologian aritua eta aditua zen emakume bat, Martija de Jauregi. Beste batzuk sendatzailea edo petrikiloa zela esaten dute (sorgina, agian), kategoria gutxiagoko lanbide gutxietsia eta emakumeentzat aproposagoa. Inkisizioak prozesatu zuen ginekologian eta medikuntza tradizionalean aritzeagatik eta arlo horietan zuen ezagutza zientifikoagatik.

Garai hartan ginekologia oso gutxi garatutako zientzia zen eta emakumeei zegoen erreserbatua. Baina, denborarekin osasuneko lanbideak profesionalizatzen hasi ziren eta horrek medikuntzaren maskulinizazioa ekarri zuen. Ordura arte emakumeek bete ohi zituzten ogibideetatik alboratu eta gainera ukatu egin zitzaien lanbide horietan aritzeko behar zuten tituluak eskuratzea.

Testuinguru nahasi horretan Martija Iruñean eta Estellerrian-Lizarraldean aritzen zen mediku,  baina, hortik ihes egin eta lekuz aldatzea erabaki zuen, Uharte Arakilera hain zuzen. Bere bizitzako azken urteak Sakanako biztanleak artatzen eman zituen. Haren jarduerak Gipuzkoan ere ezagunak ziren eta hango bezero asko zituen. Belarrak biltzen zituen Aralarreko mendietan eta San Juan egunean bedeinkatzen zituen. Gero eta ospetsuago egin zen, harik eta inkisizio profesionalak intrusismoagatik auzipetu zuen arte. Emakume bat lanean aritzea desafioa zen mediku zientzia hasiberriarendako.

Watxapatik haratago, emakume honen berri hainbat tokitan aurkitu dut. Eremu publikoan Martijak badu izena, Iruñeako Lezkairun “Pioneras edo Aitzindarien plazan”, beste emakume jostun, idazle, irakasle, musikari, kimikari eta biktimen aldamenean. Emakume honen ibilerak ere jasoak daude “Ellas, las mujeres en la historia de Pamplona” liburuan; Iruñeko beste “biztanle erdien” memoria historikoaren hutsuneak berreskuratzeko eta emakumeen ekarpenak eta testigantzak alperrik ez galtzeko IPES-ek egindako lana. Bere berri ere eman digu Iñaki Egañak “Mil noticias insólitas del país de los vascos” lanean, liburuaren izenburuan “y de las vascas” jartzea ahaztu bazaio ere.

Andre honen iturritik edandako makina bat gehiago izan dira geroztik. Gertuen dudana Etxarriko Emañan etxeko emagina da. Jarrai dezagun gure memoriaren hutsuneak betetzen, garrantzitsuak izan diren emakumeen ekarpenak gogoratzen eta baloratzen, beste hamaika watxapetan bederen.