Sakana Trenaren Alde plataformak tren sozialaren alde egiten duela esatean, gizartearen beharrari erantzuten dionaren eta ingurumenarekin errespetuz jokatzen duenaren alde esan nahi du; gainera, garraioari ere irtenbidea eman behar dio (Europak Mediterraneo-Atlantiko garraio ardatza Iruñetik zehaztu du).
Sakanak, dagoeneko, badu trena hartzeko trazadura eta azpiegitura. Gainera, eskualde honetako orografia kontuan harturik, trazadura hori guztiz egokia da, behar diren hobekuntzak eginda, kalitate goreneko trena jasotzeko, (abiadura, garraioa, errail bikoitza, hirugarren erraila…); hurbileko eta urruneko zerbitzuei erantzuteko gaitasuna izanen duena.
Sakanarentzat, De la Serna ministroak, abiadura soilik aintzat hartuta, proposatu duen trazadura ezartzeak izugarrizko ondorio kaltegarriak izanen lituzke, bai arlo sozialean, eta baita ekonomikoan ere. Sakana korridorea izanik, aski zigortua dago azpiegitura ezberdinen bidez, eta trazadura berri horrek urbanizaturik gabe dagoen landa eremuari gogor eragingo lioke. Hartara, Sakana, azpiegitura handien artean itotako herrien segida izanen litzateke.
Hori horrela, jada zaila bada herrietan bizitzea, herritarrek galduko lituzkete horietan bizitzeko hain baliagarriak dituzten osagarriak. Abeltzainentzat, lur hoberentsuen galera, eta gainontzeko lurrak lantzeko zailtasun eta nekeza. Herritar ororentzat, aisiarako eta arnasbiderako edo lasaitasunerako baliatzen den natura-paraje ederra; eremu hori ezinbestekoa baita kirolerako, ibilaldietarako eta beste hainbat kontuetarako. Turismoaren arloarentzat, desastrea, Sakanak duen landa eremuko xarmaren balioa galdu eginen lukeelako. Ekonomiaren beste esparruentzat ere gauza onik ez, AHT (abiadura) lehenesten duten azpiegiturek gune handienak mesedetzen dituztelako (Madril, Bartzelona, Bilbo?, eta tankera horretakoak); eta gainera, Donostian hilko litzateke, Pariserako biderik eginen ez delako.
Egoera horren aurrean, Sakanako herritarrok eskuak zabalik azaltzen gara tren sozialarentzat azpiegitura egokia mesedetzeko eta prest gaude horrek dakartzan ondorioak onartzeko. Baina, ez gaude prest Sakana larriki izorratuko lukeen inposatutako azpiegitura bat onartzeko, inola ere ez!
Laburbilduz, ez dugu nahi abiaduraren aitzakiaz gu zapalduz gainetik pasatuko den tren suntsitzailea. Horren ordez, etorkizuneko trenaren parte izan nahi dugu. Horregatik, Nafarroako Gobernuari eta Parlamentuko alderdi politikoei eskatzen diegu aintzat har dezaten Sakanako errealitatea eta bertako bizitzaren alde egin dezaten.