Atsedenaldia eta gero, bueltan da Nafarroako liga

Guaixe 2018ko ots. 16a, 11:02

Etxarri eta Altsasu Lagunak eta Pamplona B liderren kontra ariko dira, Lagun Artea Donezteberen kontra eta emakumezkoen Altsasu Burladésen kontra

Aurreko asteburuan Nafarroako Futbol Ligan ez zen jardunaldirik jokatu, inauterien geldialdia dela eta. Asteburu honetan, aldiz, berriro lehian daude gure kirolariak.

Preferente mailan, Lagunak taldea da liderra (36 puntu) eta gure taldeak beheko postuetan daude. Lagun Artea 12.a da (15 puntu) eta Etxarri Aranatz 16.a (13 puntu). Larunbatean Etxarri Aranatzek Lagunak liderra hartuko du, 16:00etan, San Donato zelaian eta igandean Lagun Arteak etxean jokatuko du, baina Itxesalde zelaian, 16:00etan, sailkapenean hirugarrena den Donezteberen kontra. Partida zailak dituzte aurretik, beraz, gure bi taldeek.

Altsasu gizonak eta emakumezkoak, Dantzalekun
Erregional mailan, Pamplona B taldea da liderra (33 puntu) eta Altsasu seigarrena da (26 puntu). Hain zuzen ere asteburu honetan liderraren kontra aritzea tokatuko zaio Altsasuri. Larunbatean  jokatuko da partida, Dantzalekun, eta ea etxean jokatzeak mesede egiten dien gorritxoei. Altsasun piñata inauteriak dira larunbatean eta, horregatik, goizera aurreratu dute partida, 13:00etara.

Etxean jokatuko du ere Emakumeen erregional mailan dabilen Altsasuk. Berriozar (49 puntu) da Emakumeen Erregionaleko liderra eta Altsasu 14.a da (11 puntu). Altsasuk sailkapenean 11 punturekin 13.a den Burladés hartuko du larunbatean, 16:00etan, Dantzalekun. Bi taldeak puntutara berdinduta daude eta, hortaz, sailkapeneko postua da jokoan dagoena. Ea altsasuarrek sailkapenean igotzea lortzen duten.