Aralar klubean 53 txirrindulari trebatuko dira 2018an

Guaixe 2018ko ots. 15a, 16:30

Aurreko urtean baino 10 txirrindulari gehiago ditu Aralar Txirrindularitza Taldeak. Igandean egin zuten 2018ko denboraldiaren aurkezpena, Arbizun

Eguraldiak ez zuen asko laguntzen baina igande eguerdian Aralar Txirrindularitza Taldeko txirrindulari, entrenatzaile eta familiek hitzordua zuten Arbizuko San Juan ermitan, 2018 urteko aurkezpena egiteko. Eguraldia hotza eta euritsua zen, baina prakak eta jertsea kendu eta poz-pozik argazki kameren aurrean jarri ziren Aralarko txirrindulari eta entrenatzaileak, izan ere, denboraldi aurkezpenek beti dute festa ukitu hori. Txikienetatik hasita, junior mailaraino, guztiek argazkia egin zuten. Soilik Josu eta Martzel Etxeberria falta ziren; Espainiako Pista Kopako hirugarren eta azken proba zuten jokoan Iturmendikoek.
San Juan ermitan argazkiak atera ondoren, Arbizuko udaletxean bildu zen Aralar klubeko familia guztia. 2018ko txirrindulariak aurkeztu zituzten eta urte honetako ekitaldien berri eman zuten. Horretaz gain, 2017ko denboraldiko oroigarrien banaketa egin zieten txirrindulariei.

Lakuntzan sortutako txirrindularitza taldeak 38 urte beteko ditu aktibo. 53 txirrindulari trebatuko dira Aralar klubean, aurreko urtean baino 10 gehiago. Beraz, kontentu daude Lakuntzako klubean, taldea gora egiten ari delako. Iazko denboraldia ikusgarria izan zen eta aurtengorako ere ilusio handia dute. Gogotsu daude hasteko. Kadeteak eta juniorrek entrenamenduak hasi dituzte eta eskolakoak, berriz, martxoan hasiko dira: larunbatetan eta igandetan entrenatuko dute, goizeko 10:00etan hasita, Lakuntzako industrialdean.

Taldean betiko helburuei eusten diete, “kirolari onak eta pertsona hobeak trebatzea”, hori da euren lehentasuna. “Aralar taldearendako txirrindulari eskola honetatik atera diren txirrindulari guztiak dira txapeldunak, eta aurrerantzean ere horrela izatea espero dugu, kopa eta dominen gainetik pertsona garelako talde hau osatzen dugunok” nabarmendu zuten Aralar taldeko arduradunek denboraldi berriko aurkezpenean. Gaineratu zutenez, “denboraldi hau aurrekoak bezala izatea espero dugu, gure neska-mutilak entrenamenduetan saiatzen jarraitzeko, kirolari onak eta pertsona hobeak izateko.

Zuzendaritza
Alfonso Tadeok jarraitzen du Aralar Klubeko presidente lanetan. Javier Etxarri lehendakariordea da, Maria Asun Erdozia idazkaria da, Laura Sainz diruzaina eta Alberto Martinez, Edurne Arkauz, Edi Cerviño, Juanjo Erdozia, Josune Zabala, Nerea Bergera, Marixa Zabala eta Josetxo Astitz bokalak.

Bost lasterketa, emakumezkoen lasterketa tartean
2018 denboraldian 5 lasterketa antolatuko ditu Aralar Txirrindularitza Taldeak, horietako bat Lekunberrin, bestea Etxarri Aranatzen eta gainontzeko hirurak Lakuntzan. Ekainaren 2an izanen da lehena, Nafar Kirol Jolasetarako baliagarria den Eskoletako proba, Lekunberrin. Aste bat beranduago, ekainaren 9an Eskoletako proba hartuko du Etxarri Aranatzek, eta ekainaren 16an Emakumezkoen Lakuntzako Proba jokatuko da, elite, junior eta kadete mailako emakumezkoena. Bukatzeko, abuztuaren 4an Eskoletako proba jokatuko da Lakuntzan eta abuztuaren 28an, Lakuntzako festetan, kadeteen mailako Lakuntza lasterketa.
Historia
1980. urtean sortu zuen Aralar Txirrindularitza Taldea Joxe Andueza lakuntzarrak, Lakuntzan, hainbat guraso, txirrindulari eta laguntzaileekin batera. Hasieran haurren mailako kategoria zegoen bakarrik, baina 1981. urtean kadeteko taldea sortu zen, 1982.ean jubeniletakoa eta 1988. urtean emakumeen taldea. 1991. urtean Intersport Irabia taldea Aralarko emakumeen taldeko babesle nagusia bilakatu zen eta aurrerago Aralar klubeko talde guztiak babestu zituen Intersport-Irabiak. Egun, berak jarraitzen du babesle nagusi izaten eta, beste behin, eskerrik beroenak eman zizkioten Aralar klubeko ordezkariek, gainontzeko babesleei bezala, “hau guztia aurrera ateratzea ahalbideratzen dutelako”. Sakana Group, Saprem, trefinasa, Talleres Juga, Mecanizados Irurzun, Construcciones Legarbe, Arribici, Ciclos Muruzabal, Floristeria Lorea, DYA, Lakuntzako Udala, Arbizuko Udala, Etxarri Aranazko Udala eta Sakanako Mankomunitetea dira gainontzeko babesleak.

Aralar Txirrindularitza Taldea 2018
-Juniorrak (11 txirrindulari): Bigarren urtekoak: Beñat Etxezarreta, Imanol Galarza, Xabier Mauleon, Unai Lizarraga, Josu Etxeberria, Iker Cerviño, Javier Mitxaus, Andoni Urra eta Ander Rosado. Lehen urtekoak: Urko Gorriti eta Inhar Astitz. 
Entrenatzaileak: Edi Cerviño eta Miguel El Rio

-Kadeteak (6 txirrindulari). Bigarren urtekoak: Aitor Alberdi, Asier Irujo, Igor Arrieta eta Mikel Lizasoain. Lehen urtekoak: Jon Erdozia eta Martzel Etxeberria. 
Entrenatzaileak: Javier Etxarri eta Edi Cerviño.

-Eskolak (36 txirrindulari): 
Haurrak: Mikel Ieregi, Alex Lopetegi, Aimar Tadeo eta Asier Iturrioz, bigarren urtekoak, eta Manex Zufiaurre, Naia Perez, Achraf Sbai, Aritz Oiarbide, Anartz Garcia de Albeniz eta Xabier Ieregi, lehen urtekoak. 
Entrenatzaileak: Alberto Martinez eta Juanjo Erdozia.
Kimuak: Aritz Sáo Roque, Joritz Arratibel, Bakarne Arregi, Alain Rosado, Eñaut Oiarbide eta Leire Urtasun, bigarren urtekoak, eta Oier Irujo, Ibai Arana eta Oihan Gorriti, lehen urtekoak.
Entrenatzaileak: Mikel Oiarbide eta Alfonso Tadeo.
Hasiberriak: Janitz Zufiaurre, Joseba Perez, Manex Huarte, Luca Martinez, Aimar Azanza, Ekain Navarro, Aratz Lizarraga eta Lier Berdugo, bigarren urtekoak, eta Adur Lizarraga, Unax Etxeberria, Ekai Erdozia, Urko Oiarbide, Julen Ruiz de Erentxun, Garbiñe Arregi eta Ion Unai Gonzalez, lehen urtekoak. 
Entrenatzaileak: Jon Arregi eta Bautista Urtasun.
Promesak: Xabier Gorriti eta Nagore Azanza. 
Entrenatzaileak: Txomin Huarte, Joseba Lizarraga eta Xabier Etxeberria.