Euskaltzale sakandarrak asteleheneko hitzordura gonbidatu dituzte Euskaltzaleen Topaguneak, Euskarabideak eta Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak. Epe luzeko Euskarak 365 egun leloko kanpainaren barruan dago Euskaraldia eta euskal hiztunen hizkuntza helburuak aldatzea du helburu. Euskaraldia, 11 egun euskaraz ekimenaren bidez Euskal Herri guztiko euskaltzaleak aktibatu nahi dira egunerokoan euskaraz bizitzeko urratsak eman ditzaten. Erronka 16 urtetik gorakoendako izanen da: azaroaren 23tik abenduaren 3ra ahal den guztietan euskaraz hitz egitea.
Ekimena sakandar euskaldunei eta hizkuntza ulertzen dutenei zuzenduta dago. Aurrenak Ahobiziak lirateke eta bigarrenak Belarriprestak. Batzuek eta besteak 11 egun horietarako konpromisoak hartuko dituzte. Horiek guztiak eta gehiago astelehenean aurkeztuko dituzte. Horregatik, guztiagatik eta Euskaraldia Sakanan behar bezala prestatzeko euskaltzale sakandarrak aurkezpenera joatera gonbidatu dituzte.